Gizartea -

Txostena elkarrekin

Delituek %15,6 egin dute behera Bilbon

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak txosten bat egin dute elkarrekin. "Bilbo hiri segurua dela esan dezakegu", azaldu dute.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren prentsaurrekoa, elkarrekin. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren prentsaurrekoa, elkarrekin. Argazkia: EFE
Iaz delituek %15 egin zuten behera Bilbon

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013an, delituek behera egin zuten Bilbon %15,6 aurreko urtearekin alderatuz. Beheraldia Bilboko auzo guztietan nabaritu zuten eta delitu mota guztietan, etxebizitzetako lapurretak izan ezik, %4,5 egin zuelarik gora.

"Bilbo hiri segurua dela esan dezakegu", esan du Tomas del Hierro Udaleko Segurtasun zinegotziak. Lehen aldiz, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, hirian 2013ko jarduera txostena egin dute, lehen aldiz elkarrekin.

Mehatxupeko eta biolentziazko lapurretak izan dira bi taldeen lehentasuna 2012ko gorakadaren ostean, eta %25,3 jaistea lortu dute, bi polizien arteko plana martxan jarri ostean.

Gainera, lapurretarako beste hiru modalitate berri atzeman dituztela azaldu dute.

Kalean egindako lapurretei dagokionean, lehen modalitatea emakume gazte batek egiten du, normalean Europako ekialdekoa: paper batzuk betetzeko laguntza eskatzen du eta biktimak laguntzen duen bitartean, dirua eta balioa duten objektuak lapurtzen saiatuko da.

Besteari "ahaide urrun faltsua" izena eman die. Hegoamerikako edota Espainiako gazteek egiten dute, bakarka edo bikoteka. Biktima senideak bailiran agurtzen dute eta besarkatzen duten bitartean soinean daraman guztia lapurtzen diote.

Etxebizitzetako lapurretei dagokionean, pertsona bat (normalean gizonezkoa eta Espainiako) uraren, gasaren edo bestelako zerbitzu baten inspektorea bailitzan sartzen da etxean eta etxeko jabea beste zerbaitetan dabilen bitartean, lapurreta egiten du inspektore faltsuak.

Delituak auzoka ere banatu dituzte: jaitsiera nabarmenena Ibaiondon gertatu da (%28,5), Otxarkoaga-Txurdinagan (23,3) eta Errekalden (17,15).

Delitu gehien Abandon eta Ibaiondon gertatu da (bi auzoen artean, Bilbon gertatu direnen erdia zenbatu dute), pertsona eta denda gehien biltzen dituztenak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea