Gizartea -
Epaia
22 urteko zigorra ezarri diote Santutxun adineko bat hil zuen gizonari
Hilketa 2011ko maiatzaren 26an gertatu zen. 78 urteko adinekoa bere etxean hil zuten, Santutxuko Unzeta Parrokoa kalean.
Erredakzioa
2011. urteko maiatzean Bilbon adineko gizonezko bat hiltzeagatik eta lapurreta egiteagatik atxilotutako gizonezkoari 22 urteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak. Halaber, 150.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimaren alabari.
Hilketa 2011ko maiatzaren 26an gertatu zen, eta 78 urteko adinekoa bere etxean hil zuten, Santutxu auzoko Unzeta Parrokoa kalean. Sabelaldean sastada eman eta lepoa moztu zion erasotzaileak. Biktimak dirua kutxa batean gordetzen zuen, eta kutxa etxetik desagertu zen.
Hilketagatik eta lapurretagatik 25 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen fiskalak. Defentsak, ostera, auzipetua aske uztea eskatu zuen froga faltagatik; izan ere, labana eta ustez lapurtutako diruaren kutxa ez dira agertu. Epailearen iritzian, frogatuta geratu da akusatua biktimaren etxera joan zela "bertan aurkitzen zituen baliozko objektuak bere egiteko asmoz", hau da, lapurtzeko asmoz.
Akusatua mirabe gisa ari zen lanean etxe horretan: 15 egunean behin joaten zen bertara, eta, hori dela eta, bazekien biktima bakarrik bizi zela eta eskudirua etxebizitzan gordetzen zuela.
Behin etxe barruan, biktimari labankada eman zion sabelean, eta arma gorputzean sartutakoan, jiratu egin zuen, zauri hilgarria eragiteko. Adinekoa zauritu ondoren, gelara eraman zuen, dirua eta diru-kutxa emateko eskatuz.
Biktima sofan eseri ondoren, hiltzailea atzean jarri zitzaion, eta ezkerreko eskuarekin buruari eusten zion bitartean, labana lepoan sartu eta 16 zentimetroko zauria egin zion. Ondorioz, adinekoa berehala hil zen.
Jarraian, hiltzaileak alde egin zuen, bere amaren etxera joan zen, arropa aldatu zuen eta Loiuko aireportura joan zen. Madrilerako hegazkin bat hartu zuen bertan, eta handik Kolonbiara joan zen. Hilabete batzuk geroago, atxilotu eta Bilbora eraman zuten.
Akusatuak errugabea dela esan zuen epaiketan: Kolonbiara joan aurretik, adinekoari agur esatera joan zela esan zuen, eta etxera heltzerakoan atea irekita zegoela esan zuen. Horren bertsioaren arabera, gizonezkoa hilda aurkitu zuen, eta gorpua mugitu zuenean zikindu zen haren odolaz. Horren esanetan, orduan, "beldurtu" egin zen eta alde egitea erabaki zuen, bertatik Madrilera eta, gero, Kolonbiara joateko.
Epaiaren arabera, frogatuta geratu da lapurtzeko asmoz hil zuela adinekoa, eta horren arropetan zegoen odola justifikatzeko eman zituen arrazoiak "faltsuak" dira.