Gizartea -
Ezbeharra
6 lagun hil dira Burgosen piztutako sute batean
Ribera del Arlanza landetxean gertatu da ezbeharra. Sutearen unean 12 pertsona zeuden barruan, guztiak ere familia bereko kideak.
Erredakzioa
Gutxienez familia bereko 6 pertsona hil dira, horietako hiru 4 eta 6 urte bitarteko haurrak, larunbat goizaldean Tordomar (Burgos) herriko landetxe batean piztutako sute batean.
Antza denez, 02:30ak inguruan piztu da sua, eta ezbeharrean beste bost pertsona zauritu dira, Jose Maria Arribas Espainiako Gobernuak Burgosen duen ordezkariak azaldu duenez. Sutearen unean 12 pertsona zeuden barruan eta guztiak ere familia bereko kideak ziren. Antza denez, amonak antolatu zuen familiaren topaketa, izan ere, batzuk Madrilen eta beste batzuk Gijonen bizi ziren.
Zauritutako pertsonak Burgoseko ospitale batera eraman dituzte. Zauritu horiek arriskutik kanpo daude, baina behaketan egon beharko dute zenbait orduz, ospitaleak berak kaleratutako mediku txostenaren arabera.
Halaber, sua itzaltzeko lanetan parte hartu duten beste bost auzotar Burgoseko osasun etxe batean artatu behar izan dituzte gasa arnasteagatik, baina dagoeneko senda-agiria jaso dute.
Bestalde, gorpuak Burgoseko Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman dituzte, eta datozen orduetan egingo diete autopsia.
Arribasen esanetan, litekeena da tximiniaren errekuntza txarrak eragin izana sutea. Antza denez, inguruko altzariek eta zenbait plastikok sua hartu dute eta gas toxikoak sortu dira. Autopsiaren faltan, "hasiera batean gas toxikoa arnastuta hil dira", osasun langileek azaldu dutenez.
Burgoseko Larrialdi Zerbitzuek adierazi dutenez, ezbeharrean suhiltzaileek, guardia zibilek, eta osasun langileek parte hartu dute.
Landetxeko jabea oso atsekabetuta eta "fisikoki eta emozionalki lur jota" agertu da. "Tragedia bat izan da", gaineratu du.
Hiru dolu egun, Tordomar herrian
Inmaculada Sierra Tordomarreko alkateak hiru eguneko dolua ezarri du herrian. Azaldu duenez, hildako sei pertsonak familia bereko kideak ziren eta amonak antolatu zuen Madrilen eta Gijonen bizi diren senideen arteko topaketa.
Sierrak atsekabetuta hitz egin du eta 300 biztanle inguru bizi diren herriarentzat "kolpe handia" izan dela azpimarratu du.