Gizartea -
Save The Children
Milioi bat jaioberri hiltzen dira urtero bere bizitzako lehen egunean
Osasun arreta egokia jasotzen ez dutelako gertatzen dira heriotzak eta kopuru hori murrizteko neurriak hartzeko eskatu die Save The Children erakundeak nazioarteko arduradunei.
Erredakzioa
Urtero milioi bat jaioberri hiltzen dira bere bizitzako lehen egunean osasun arreta egokia jasotzen ez dutelako. Save The Children erakundeak aurkeztutako txosten batek jasotzen du datu hori, eta nazioarteko arduradunei neurriak hartzeko eskatu die kopuru hori murrizteko.
Jaioberrien heriotza kopuru handiari aurre egiteko prestatu duten 'Ending Newborn Deaths' txostenaren arabera, 2012an 2,9 milioi haur hil ziren mundu osoan bere bizitzako lehen 28 egunetan. Horien artean, milioi bat jaio eta 24 ordu bete baino lehen hil ziren.
Save The Children erakundeak komunikatu baten bidez zabaldu duenez, heriotza horien eragile nagusiak jaiotzan izandako konplikazioek eta jaiotza goiztiarrak dira. Horregatik, heriotza gehienak saihestu egingo lirateke amak eta haurrak pertsona egokiek eta espezializatuek zainduko balituzte.
Azken hamar urteetan erdira jaitsi da munduan haurren heriotza kopurua (12 milioitik 6,6 milioira, hain zuzen), baina erakundeek neurririk hartu ezean, horiek ezingo direla saihestu ohartarazi dute.