Gizartea -
22 urteko gidari bat
Ihesean atera da autoarekin motorzale bat harrapatu ostean
Gidariari alkohola eta kanabisa antzeman dizkiote odolean. Lekukoen arabera, ihes egiterakoan txirrindulari bat jotzear izan zen eta gorriz zegoen semaforo bat gainditu zuen.
Erredakzioa
22 urteko gaztea inputatu egin dute Gasteizen, ausarkeriaz eta drogen eta alkoholaren eraginpean gidatzea leporatuta. Gidariak motorzale bat harrapatu zuen (zauri arinak eragin zizkion) eta ihes egitean errepide erdiko babesa jo eta gorriz zegoen semaforo bat gainditu zuen. Horrez gain, txirrindulari bat jotzear ere izan zen.
Gasteizko Udaltzaingoak aditzera emandakoaren arabera, gertaera astelehenean izan zen, 18:00ak jotzear zeudela, Gasteizko Pedro de Asua kalean. Gaztearen autoak motor bat jo zuen, eta motorreko gidariak zauri arinak izan zituen.
Jarraian, akusatuak ihes egin zuen eta Bustinzuri eta Diaz de Olano Margolaria kaleen arteko errepidearen babesa jo zuen.
Lekukoen arabera, ihes egitean txirrindulari bat harrapatzear izan zen eta gorriz zegoen semáforo bat gainditu zuen.
Alkoholemia eta kalamu frogetan positiboa
Ausarkeriaz gidatu izana egotzi diote gidari gazteari izan ere udaltzaingoaren esanetan bere jokaerarekin hiritarren bizitza arriskuan jarri zuen.
Alkoholemia frogan litroko 0,5 gramo jaurti zituen arnasa botatzean. Gainera, toxikoen THC frogan positiboa eman zuen kalamuagatik. Honegatik, errepideko segurtasunaren aurkako delitua ere egotzi zioten.