Gizartea -
Osasuna
EBko Auzitegiak legez kanpokotzat jo du 'osasun zentimoa'
Ebazpenean agertzen denez, hidrokarburoen txikizkako salmentaren gaineko zergak ez du zerga berezien araudia betetzen.
Erredakzioa
Espainiako Estatuko hainbat erkidegok ezarri duten "osasun zentimoa" EBko zuzenbidearen "kontrakoa" dela ebatzi du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak.
Ebazpenean agertzen denez, hidrokarburoen txikizkako salmentaren gaineko zergak ez du zerga berezien araudia betetzen. Izan ere, arauak "helburu zehatza" eskatzen du zergarentzat, eta ez dadila izan aurrekontuak handitzeko soilik.
Gainera, beste aukera bat zen zergaren bidez herritarren osasuna eta ingurugiroa babestu nahi izatea, baina ebazpenean azaldu dute ez dela horrela.
13.000 milioi euro
Auzitegiaren erabakiarekin, 2002 eta 2011 artean "osasun zentimoa"ren bitartez bildutako 13.000 milioi euroak itzultzeko bidea ireki da.
Epaileen arabera, "ez da ebazpenaren eragina epe batera mugatu behar", Kataluniako eta Espainiako gobernuek hala eskatu arren; izan ere, zerga 10 urte baino gehiagoz martxan izateak agerian uzten omen du ez dutela fede onez jokatu. Kontua da 2003an ireki zuela Europar Batasunak Espainiako Estatuaren kontrako prozedura aipatu zerga dela eta.
Europako auzitegira, berriz, geroago iritsi zen. Transportes Jordi Besora Kataluniako enpresak 2005 eta 2008 artean zerga horren ondorioz ordaindutako 45.600 euroak itzultzeko eskatu zuen, eta zergak araudi europarra errespetatzen ote zuen argitzeko eskatu zion Kataluniak Europar Batasunari.
Nafarroan bai, EAEn ez
Soilik hiru erkidegok ez zuten 'osasun zentimoa' aplikatu: EAEk, Errioxak eta Aragoik. Hiru erkidego horietan hidrokarburoen prezioa merkeagoa zen Estatuko gainerakoetan baino. Kanarietan ere ez zuten ezarri, baina zerga bereziak dituzte bertan.
Nafarroan 2012ko ekainetik 2013ko abenduaren 31ra egon zen indarrean. Hori dela eta, ebazpenak ez du eraginik izango Foru Erkidegoan.