Gizartea -
Espioitza masiboa
Londresek Yahooren milioika erabiltzaileen web kamerak espiatu ditu
Britainiar espioitza agentziak Yahooren 1,8 milioi erabiltzaileren web kameretatik irudiak atzeman eta biltegiratu ditu, 'The Guardian' egunkariaren arabera.
Erredakzioa
Britainia Handiko inteligentzia agentziak irudiak ausaz biltegiratzen zituen bost minutuan behin, Optic Nerve programa informatikoa erabiliz.
Edward Snowden NSA AEBko Segurtasun Agentzia Nazionalaren analista ohi eta CIAren teknikari ohiak Britainia Handiko inteligentzia agentziaren dokumentu sekretu batzuk eskuratuta jaso omen dute horren berri. Agiri horien arabera, 2008 eta 2010 artean inteligentzia zentroak Yahooren txatetik irudi gordinak hartu eta bere datu basean gorde zituen Optic Nerve programari esker.
Horrez gain, irudiak atzeman eta biltegiratzerakoan, erabiltzaileak inteligentzia zerbitzuen helburu ziren edo ez zehazten ez zela azaltzen da.
'The Guardian' egunkariaren arabera, agentzia britainiarrak 2008an, sei hilabetean, Yahooren 1,8 milioi erabiltzaileren web kameretatik hartu dituen irudien artean irudi sexual asko daude.
Yahook adierazi du ez zuela programa informatiko horren berri, eta ez zekiela bere erabiltzaileen pribatutasuna urratu zutenik.
Optic Nerve
Optice Nerve programa 2008tik 2012ra erabili zuten, aurpegiak atzemateko esperimentuak egiteko, Britainia Handiko inteligentzia agentziaren helburuak ikuskatzeko.
Dirudienez, programa nortasun ugari zituzten terrorista edo gaizkile susmagarriak atzemateko erabiltzen zuten.