Gizartea -
Gerra berriemailea
Marc Marginedas kazetaria askatu dute Sirian bahituta izan ostean
El Periodico egunkariko kazetaria orain dela sei hilabete bahitu zuten yihadistek; orain Turkian da.
Erredakzioa
Marc Marginedas kazetaria gaur, igandea, goizaldean askatu dute, yihadistek Sirian sei hilabetez bahituta izan eta gero; orain Turkian da, zenbait Estatuko funtzionariekin, medikuek azterketa egiten dioten bitartean.
El Periodico kazetariak lan egiten zuen egunkariak publikatu duenez, kazetaria senideekin hitz egitea lortu du dagoeneko. Halaber, Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearekin ere hitz egin du Marginedasek.
Gerra berriemailea Hama hirian bahitu zuten irailaren 4an eta, bahituta egon den bitartean, Bashar al Assaden kontrakoen kontrolpeko guneetan izan da. Kontrako talde horiek gatazkak gogortu dituzte eskualde horretan azkenaldian.
Enric Hernandez egunkariaren zuzendariak esan duenez, kazetaria Armadaren hegazkin batean eramango dute Espainiara, baina ez dakite noiz izango den, "arazoren bat dagoelako logistika aldetik, eta burokratikoak ere bai".