Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Onkologikoa publiko bihurtzeko unea ez dela esan du Darponek
Donostiako Onkologikoarekin "erabateko konpromisoa" du Eusko Jaurlaritzak, Osasun sailburuak ziurtatu duenez.
Erredakzioa
Jon Darpon Osasun sailburuak ziurtatu duenez, Donostiako Onkologikoarekin "erabateko konpromisoa" du Eusko Jaurlaritzak, baina zentroa publiko bihurtzeko lanean ari ez dela gaineratu du, horretarako unea ez delako.
Darponek agerraldia egin du gaur, Eusko Legebiltzarreko batzordean. Osakidetzaren eta Onkologikoaren arteko hitzarmena berritu behar dutela eta, EH Bilduk galdera egin dio sailburuari. Institutua Kutxako Gizarte Ekintzaren parte da, eta Gasteizko Exekutiboak 23,1 milioi euroko ekarpena egingo dio 2014an. Hitzarmena luzatu daiteke, eta datozen bost urteetan finantziazio publikoa 116 milioi eurokoa izatea espero da.
Rebeka Uberaren (EH Bildu) eta Blanca Roncalen (PSE-EE) galderei erantzun behar izan die Darponek. Onkologikoa Osakidetzan integratzeko eskaera egin diote biek, baina "publiko bihurtzeko arrazoirik ez dago", sailburuaren iritzian.
Eusko Jaurlaritzak Onkologikoaren etorkizunarekin konpromisoa duela berretsi du Darponek, eta ixteko arriskua saihestuko dutela eta zerbitzuaren "bikaintasuna" mantenduko dutela erantsi du.