Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute emazteari eraso eta etxeari su ematea egotzita
Mehatxu delitu bat ere egotzi diote, Ertzaintzako agenteei aizto handi batzuez mehatxu egiteagatik.
Erredakzioa
47 urteko gizonezko bat atxilotu dute Irunen, emazteari eraso egin eta bion etxebizitzari su emateagatik. Sua piztu zenean, etxe barruan pertsona elbarri bat zegoen. Mehatxu delitu bat ere egotzi diote, Ertzaintzako agenteei aizto handi batzuk erabiliz mehatxu egiteagatik.
Gertakariak astelehenean jaso ziren, goizeko seiak aldera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez. Horren arabera, auzokide batek ohartarazi zuen Ertzaintza, emakume bat etxean hartu ondoren, senarraren tratu txarrak jaso eta gero. Patruila heldu zenean, etxebizitzatik beldurtuta alde egin zuela adierazi zien emakumeak agenteei.
Horren berri jasotakoan, agenteek etxetik irteteko eskatu zioten ustezko erasotzaileari behin baino gehiagotan. Gizonak, baina, ezetz erantzun zien, eta aizto handi batzuk jaurti zizkien. Hori dela eta, agenteek laguntza eskatu behar izan zuten.
Erasotzailearen alaba bertaratu zenean, ertzainek haren giltzak erabili zituzten etxe barruan sartzeko. Bertan zeudela ikusi zuten sua eskuoihal bat piztu ondoren zabaldu zela, eta egurrezko zoruari eta armairu bati kalteak eragin zizkiela.
Kea dela eta, agenteek arazoak izan zituzten etxe barruan ikusteko eta arnasa hartzeko. Ustezko erasotzailea etxeko logela batean indarrez mendean hartu zuten, eta emakumeen kontrako indarkeria, mehatxuak, kalteak eta agenteen aurkako erasoa egotzita atxilotu zuten.
Atxilotua Irungo guardiako epaitegiaren esku jarri zuten asteartean, eta epaileak biktimarengandik urruntzeko agindua eman zion, behin-behinekoz.