Gizartea -

Trafikoa eta Bide-Segurtasuna

Gidariek 20 egun izango dituzte isunak murrizketarekin ordaintzeko

Bestalde, Trafikoaren Lege erreformarekin alkohola edan edo drogak hartzen dituzten gidariei kontrako zigorrak gogortuko ditu Espainiako Gobernuak.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trafiko isuna jasotzen duten gidariek 20 eguneko epea izango dute isuna murrizketarekin ordaintzeko, eta tarte horretan ordainketa egiten badute erdia soilik pagatuko dute.

Gaur egun, trafiko isunaren kontra helegitea aurkezteko eta ordainketa murrizketarekin ordaintzeko epea 15 egunekoa da. Alderdi Popularrak CiUren zuzenketa bat onartu du gaur Senatuan, eta horri esker epea 5 egunetan luzatuko da.

Trafiko eta Bide-Segurtasun Legearen erreformaren aurreproiektuari buruzko txostena onartu dute gaur Senatuko Barne Batzordean, aldeko 15 botorekin, kontrako 9rekin eta abstentzio batekin.

Lege aurreproiektuari beste aldaketa bat ere gehitu diote, eta hala aurrerantzean ez dituzte kaskoa soinean ez daramaten bizikleta gidariak inmobilizatuko. Bestalde, 16 urtetik beherako bizikletazaleek kaskoa jantzi beharko dute hiri barruan.

Gidabaimeneko puntuak errekuperatzeko (6 puntura arte) prozesuan ere aldaketak egin dituzte. Orain arte, gidariek sentsibilizazio ikastaro bat egin behar zuten horretara bideratutako zentroetan, eta hori gainditu zuela frogatutakoan Trafiko Zuzendaritzak puntuak gehitzen zizkion gidariari. Orain, berriz, Trafiko Zuzendaritzan froga bat egin beharko dute gidariek. Bestalde, Gobernuak zentro gehiagotara zabalduko du ikastaro hauek emateko aukera.

Trafiko Legearen erreformarekin, alkohola edan edo drogak hartzen dituzten gidariei kontrako zigorrak gogortuko ditu Espainiako Gobernuak. Alkohol tasa gainditzen duenak 500 euroko isuna jasoko du, baina baimendutako tasa bikoiztu edo enegarren aldiz legea urratzen duenak 1.000 euroko isuna ordaindu eta urtebeterako gidabaimenik gabe geldituko da. Zigor berdina ezarriko diote drogaren menpean gidatzen duen gidariari.

Bestalde, Trafiko Legearen erreformak abiadura mugak aldatzeko aukerari atea irekitzen dio. Horri buruzko eztabaida, behin legea onartutakoan hasiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea