Gizartea -
Epaia
12 urteko zigorra ezarri die epaileak Megaparkeko hilketaren egileei
Epaileak 12 urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri die eta epaia irmoa izan arte behin-behinean aske utzi ditu. Horrez gain, 55.000 euroko isuna ezarri die, EiTBk jakin ahal izan duenez.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Epaileak 12 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri die 2012an Barakaldon Megapark zentroaren inguruan izan zen hilketaren bi egileei. Juan Jesus Martin Rodriguez (40 urte) Rock Star diskotekaren kanpoaldean hiltzea egotzi die epaileak bi gazteei, epaimahaiak ere errudun jo ondoren.
Epaiaren arabera, Juan Jesus Martin Barakaldoko Megapark gunearen inguruetan hil zen, jipoia jaso ondoren. Aurretik, bi akusatuetako batek eztabaida izan zuen Martinen neska-lagunarekin.
Epaileak 12 urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri die eta epaia irmoa izan arte behin-behinean aske utzi ditu. Horrez gain, 55.000 euroko isuna ezarri die, EiTBk jakin ahal izan duenez.
Epaiketaren azken aldean, fiskalak zigor-eskaera handitu zuen (13 urtetik 15era); defentsaren abokatuek, berriz, zigor txikiagoa eskatu zuten (10 bat urtekoa).
Herri epaimahaiak, bere egunean, errudun jo zituen biak, epaiketan akusatuek eman zuten bertsioa baztertuta. Juan Jesús Martín ez zutela hil nahi eta egun horretan alkohola eta drogak hartu zituztela esan zioten epaimahaiari. Drogak eta alkohola hartu izana salbuesleak izatea eskatu zuen defentsak epaiketan, baina epaileak bertan behera utzi du eskaera.
2012. urteko maiatzaren 1ean, Alexander S.C. eta Eder S.L. biktimarekin eztabaidan hasi ziren Barakaldoko Rock Star dantzalekuaren kanpoaldean, eta, liskarrak okerrera egin ondoren, auzipetuek jipoitu egin zuten. Biktima bertan hil zen.
Akusazioaren arabera, akusatuek "ostikadak" eman zizkioten eta, bultzada baten ondorioz, biktima lurrera erori zen eta buruan kolpea hartu zuen. Une horretan, eta "egoeraz baliatuz", auzipetuek buruan ostiko bat eman zioten eta horrek eragin zion heriotza Juan Jesus Martin Rodriguezi.
Epailearen erabakia
Epailearen esanetan, "gorputzaren atalik zaurgarrienetan" kolpeak eman zizkioten, eta, horrenbestez, nagusitasuna erakutsi zuten eta "azpikeriaz" aritu ziren. Horrez gain, auzipetuek biktimari ez ziotela laguntzarik eman nabarmendu du.