Gizartea -
Gertakaria Frantzian
Tren batek 40 kilometro egin ditu konboiaren muturrean gorpu bat zuela
Trenak Petit-Croixeko trenbide-pasagunean txirrindulari bat harrapatu zuela uste dute ikertzaileek, eta gidariak ikusten ez zuen zona batean trabatuta geratu zen.
Erredakzioa
Abiadura handiko tren batek 40 kilometro egin ditu Frantziako ekialdean konboiaren muturrean txirrindulari baten gorpua zuela, Poliziak gaur jakitera eman duenez. Geltoki batera sartzerakoan ikusi zuten gorpua.
Ezbeharra igandean gertatu zen, Alsazia eskualdeko Haut-Rhin departamenduan. TGV edo abiadura handiko trena Mulhouse hiriko geltokian sartu zenean aurkitu zuten konboiaren aurrealdean 48 urteko txirrindulariaren gorpua.
Istripua edo suizidioa izan ote den ez dute oraindik argitu ikertzaileek, baina trenak biktima Petit-Croixeko trenbide-pasagunean harrapatu zuela uste dute.
Garraio arduradunen arabera, txirrindularia gidariaren bistatik at dagoen zona batean trabatuta geratu zen, baina horretaz lehenago ez ohartaraztea "nahiko arraroa" dela azpimarratu dute.