Gizartea -

Gazteriaren Diagnostikoa

Nafarroako lau gaztetik hiru gurasoen etxean bizi da, krisia dela eta

Gurasoen etxetik joan diren %25 horretatik, %11,6 etxebizitza propio batera egin du eta %9,8 lagun edo ezagunekin. Azken aukera horrek indar handia hartzen ari da azken urteotan.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako lau gaztetik hiru gurasoen etxean bizi da, krisi ekonomikoa dela eta. Horrela jakinarazi du Nafarroako Gazteriaren Behatokiak txosten batean. "Oso prestatua" dagoen belaunaldi den arren, %34,96ko langabezia tasa du.

2013ko Nafarroako gazteriaren diagnostikoa eman du jakitera prentsaurreko batean Angel Ansa Gazteriako zuzendariordeak. Gurasoekin bizi den gazte baten profila aurkeztu dute: etxebizitza bat alokatzea gustatuko litzaiokeena eta bikotea duena edo izan duena. Unibertsitate titulua du eta ingelesa hitz egiten du ondo edo nahiko ondo.

Ezker-erdiko ideologia du Nafarroako gaztearen profilak, ateoa edo agnostikoa da eta bere udalerriko partehartze politiko eta sozialean du interesa, baina gutxiago Espainiakoan edota Europakoan.

Ikerketa honen arabera, Nafarroako lau gaztetik hiru gurasoen etxean bizi da eta %63k ez du utziko lan-egoera ezegonkorra izaten jarraitzen badu. 2008an, krisialdiaren aurretik, %33 bizi zen etxebizitza independiente batean.

Gazteen %25 etxetik joan da eta %11,6 etxebizitza propio batera egin du eta %9,8 lagun edo ezagunekin. Azken aukera horrek indar handia hartzen ari da azken urteotan.

Ansak adierazi du "adierazgarria" dela gazteen arteko elkartegintzak izan duen bultzada: %28,2k elkarte batean parte hartzen duela dio. Gainera, gero eta nagusiagoak izan gero eta handiagoa da portzentaia hori. Espainiako batezbestekoa 22koa da.

Azken 20 urteotan gazteen zenbakian beherakada nabarmena izan da eta horrekin kezkatuta azaldu dira ikerketa argitaratu dutenak. 14 eta 30 urte bitartekoak 131.436 ziren 1995n eta 2012an 117.540 (59.917 gizonezko eta 57.623 emakumezko). %11ko beheraldia dakar.

Populazioaren zahartzea "nahiko progresiboa" dela adierazi du Angel Ansak. Gainera, "kezkagarria" iruditzen zaio gazteek ekintzaile izateko asmorik ez izatea (%8) eta%34,96ko langabezia, Estatuko batezbestekoa baino txikiagoa den arren (%42,73).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak