Gizartea -
Hileta-elizkizuna
Argantzunek azken agurra eman dio Gasteizen hildako neskatoari
Heriotzak polemika handia piztu du. Izan ere, gurasoen hitzetan, Osakidetzak ez zuen anbulantziarik bidali Argantzunera.
Erredakzioa
Berrehun bat pertsonak azken agurra eman diote astearte honetan Argantzunen (Trebiñu) bezperan Gasteizko Txagorritxu Ospitalean hil zen 3 urteko neskatoari.
Hileta-elizkizuna 18:00etan egin zuten, eta, bertan, umearen hainbat senide izan ziren. Aldez aurretik, 15:00etan, erraustu egin zuten neskatoaren gorpua.
Argantzungo Udalak bi dolu egun ezarri ditu.
Neskatoa astelehenean hil zen, barizelaren ondorioz. Heriotzak polemika handia piztu du. Izan ere, gurasoen hitzetan, Osakidetzak ez zuen anbulantziarik bidali Argantzunera, eta, ondorioz, autoz eraman behar izan zuten Txagorritxura.
Horren ildotik, gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu dutela aurreratu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Gainera, Osakidetzak autopsia egitea eskatu zuen, eta autopsiaren emaitzak datozen egunotan ezagutuko dituzte.