Gizartea -
Trebiñura
Larrialdietako medikuak erabaki zuen anbulantzia ez bidaltzea
Osakidetzako "inork" ez ziola familiari Burgosera edota Mirandara deitzeko esan azpimarratu du Jon Darpon Osasun sailburuak.
IKER GOMEZ / EITB
Txagorritxun hil zen neskatoaren familiari anbulantzia zerbitzua ukatu eta Burgosera edo Mirandara deitu behar zutela esan izana ukatu du gaur Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Osakidetzaren larrialdi zerbitzutik anbulantzia Burgosen edo Mirandan eskatu behar zutela esan zietela salatu dute umearen gurasoek.
Txagorritxuko ospitalean hildako hiru urteko neskatoaren familiak Osakidetza salatu zuen, anbulantzia eskatu eta bidali ez zietela argudiatuta; izan ere, gurasoen arabera, Mirandako (Burgos) anbulantzia eskatu behar zutela esan zieten Osakidetzatik, Argantzunen bizi direlako, Trebiñun.
Gaur, Jon Darpon Osasun sailburuak esan du dagoeneko "grabazioak" entzun dituela eta "familiari ez ziotela anbulantzia Mirandan edo Burgosen eskatzea planteatu".
"Trebiñuko medikua familiaren etxera bidaltzera erabaki zuen Osakidetzako medikuak", azaldu du ETB2ko ETB Hoy saioan. Darponek ez du oraindik familiaren bertsioa entzun, baina "oso argi" dauka Osakidetzako edota larrialdi zerbitzuko "inork" familiari ez ziola esan Mirandara edo Burgosera deitzeko. "Hori gezurra da", gaineratu du.
Jaurlaritzak, hala ere, "gertatutakoa argitzeko asmoz", ikerketa abiatu duela gogoratu du Darponek. "Eskaera eta elkarrizketa nola izan ziren, familia nola artatu zuten eta autopsiaren emaitzak ezagutu nahi ditugu, heriotzaren zergatia zein izan den argitzeko", azaldu du.
Hortik aurrera, Jaurlaritzak "gardentasunez" jokatuko duela esan du, ondorioen txostena "familiari eta iritzi publikoari" jakinaraziz. "Erantzukizunik badugu, beharrezkoak diren neurriak adostuko ditugu", esan du Darponek.
Sailburuak berretsi duenez, Osakidetzatik hartu zuten erabakia "zuzena edo okerra" izan zen aztertu behar dute orain, heriotza "saihestea posible izan zen" argitzeko.
Txostenaren emaitzak Legebiltzarrean aurkeztuko dituela iragarri du Darponek.
2012ko protokoloa
Trebiñurako protokoloa "ondo dabilela" eta "argia" dela azpimarratu du Jon Darponek. Adibide moduan, Trebiñuko herritar batek anbulantzia bat eskatzen badu Gaztela eta Leonek bidaltzen duela adierazi du, baina, larrialdi baten kasuan, ordea, Osakidetzak bidaltzen du anbulantzia.
Sailburuak nabarmendu duenez, protokolo horrek ez du hutsik egin, eta 112 larrialdi zerbitzuko medikuak anbulantziarik ez bidaltzea erabaki zuela berretsi du.
Orain, familiarekin egoteko unea dela adierazi du sailburuak, eta helburu nagusia osasun zerbitzuek "ondo funtzionatzea" izan behar dela azpimarratu du.
Euskadik eta Gaztela eta Leonek 2012ko urtarrilean sinatu zuten egun indarrean dagoen protokoloa.
Gaztela eta Leonen kasuan, Trebiñu, Espinosa de los Monteros eta Mena Haraneko herritarrei eragiten die aipatu hitzarmenak.
EAEko Fiskaltzak ikerketa hasi du
Bestalde, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak diligentziak ireki ditu gertatutakoa argitzeko, Berria egunkariak jakitera eman duenez.
Iturri horren arabera, Espainiako Gaixoaren Defendatzaileak salaketa jarri du, eta, horrenbestez, ikerketa hastea erabaki du.
Argantzungo bizilagunen esanetan, baina, orain arte ez da arazorik izan "anbulantziak beti Gasteiztik datozelako", eta Anneren heriotzaren inguruan "akats larri bat" gertatu dela uste dute.
"Hemen, edozer gauza egitera, Gasteizera joaten gara, Mirandara inoiz ez", esan du argantzundar batek. Otsailean, anbulantzia batek Txagorritxura eraman zuela ere gaineratu du emakume horrek.