Gizartea -
Gertakaria
Hilik aurkitu dute Aralarren desagertu zen eskiatzailea
Donostiako 50 urteko gizona eskiatzera joan zen atzo Aralarrera, eta, iluntzean etxera ez zela itzultzen ikusita, senideek horren berri eman zuten. Ataun inguruan aurkitu dute haren gorpua.
Erredakzioa
Ertzaintzak gauerdia baino lehentxeago aurkitu du Ataun inguruan, hilik, atzo Aralarrera eskiatzera joan ostean etxera itzuli ez zen 50 urteko donostiarra.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, gizonaren senideek 19:15 aldera eman zioten abisua Ertzaintzari, etxera ez zela itzultzen ikusita, eta berehala jarri zituzten larrialdiko zerbitzuak martxan. Azkenean, 23:45 aldera aurkitu zuten gizona, hilik.
Hala ere, gorpua aurkitu zuten ingurua oso malkartsua denez, ez zuten haren bila joaterik izan, eta gaurko utzi zuten.
Hala, erreskate taldeak gaur goizean elkartu dira berriro, Intxaustiko iturrian, eta 09:15erako gorpua jasota zuen helikopteroak, eta Donostiako auzitegi medikuarenera eraman dute.
Ezbeharra zerk eragin zuen argitzeko ikerketa abiatu du, baina, Ertzaintzaren esanetan, "zantzu guztien arabera" eskiatzaileak istripuren bat izan zuen.