Gizartea -

Eguraldia

Elurra eta euria iritsi dira, udaberriarekin batera

Udaberriarekin batera negua itzuli dela dirudi; izan ere, tenperaturaren jaitsierak eta prezipitazioek elurte handiak eragin dituzte 600 metroko altueratik gora.

Elurra Nafarroan. Argazkia: EFE
Nafarroa
Elurra Nafarroan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaberriarekin batera negua itzuli dela dirudi; izan ere, tenperaturaren jaitsierak eta prezipitazioek elurte handiak eragin dituzte 600 metroko altueratik gora, eta hortik behera euria etengabe egin du. Horrez guztiak arazo ugari eragin ditu errepideetan.

Arabako Orduña, Opakua eta Herrera mendateetako trafikoa eguerdian ireki dute, bota duen elurragatik goizeko lehen orduetatik itxita egon ostean.

Hala ere, Opakuan eta Bernedon, Gipuzkoako Elgetan, Bidanian eta Arlaband, eta Bizkaiko Diman arretaz gidatzeko eskatu du Segurtasun Sailak.

Nafarroako Sustapen Departamenduak 46 elur-makina mobilizatuta mantenduko ditu, datozen orduetan, elur-maila 800 metrotatik 600era jaitsi arte.

Iragarpena

Euskalmeten iragarpenaren arabera, arratsaldetik aurrera atertzera egingo du apur bat hegoaldean, eta gauean ostarte batzuk zabalduko dira bertan. Goizaldean eta egunaren amaieran elur-kota 600-800 metrora egongo da; eguerdi aldera gorago egotea espero da. Neguko tenperatura espero da, baita kostaldean ere, eta iparraldeko haize fina ibiliko da.

Ostegunean, eguraldiak hobera egingo du, baina giroa aldakorra eta nahasia izango da oraindik. Zeruan, hodeiak eta ostarteak; isurialde atlantikoan euri apur bat egingo du, goizaldean eta goizean goiz batez ere, 600-800 metro inguruko elur-kotarekin. Prezipitazioa urria izango da, edozein kasutan. Haizea hegoaldera aldatu eta tenperatura maximoak igoko dira; minimoek, aldiz, hotzak izaten jarraituko dute eta barnealdeko hainbat tokitan izotza egitea espero da.

Ostiraletik aurrera, tenperaturak gora egingo duela eta euri gutxiago egingo duela espero dute, baina asteburua bustitik joango omen da.

Elur-jausia

Nafarroako Foruzaingoak jakitera eman duenez, elur-jausia izan da 10:00etan, NA-137 errepideko 52 kilometroan. Elurra metro bateko altuerara iritsi da, baina ez da zauriturik izan.

 

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.com-en eta bidali zure argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Bilbao Elurra bideoak Udaberria