Gizartea -
Eustat-en datuak
EAEko langile gehienek bizi diren herritik kanpo egiten dute lan
Hain zuzen ere, langileen % 56,3k joan behar dute egunero herritik kanpo. % 9,3 beste lurralde batera edo atzerrira joaten dira.
Erredakzioa
Euskadiko langileen erdiek baino gehiagok, % 56,3k hain zuzen ere, bizi diren herritik kanpo egiten dute lan, Eustat EAEko Estatistika Institutuak azaldu duenez. Ikasleen kasuan, % 63 dira bizitokitik kanpo ikasten dutenak.
Mugikortasun tasa handiena Bizkaikoa da. Bertan, langileen % 64,5ek egiten dute herritik kanpo lan. Gipuzkoan, portzentajea % 56,7koa da, eta, Araban, % 28,6koa.
Hiriburuei dagokienez, mugikortasuna % 15,9koa da Gasteizen, % 34,6koa Donostian eta % 41ekoa Bilbon.
Halaber, langileen % 9,3 (83.000 pertsona) beste lurralde batera edo atzerrira joaten dira egunero; hau da, duela hamar urte baino 3,6 puntu gehiago. Gehienbat zerbitzuen sektorean gertatzen da.