Gizartea -
Ekonomia Foroko istiluak
Ertzaintzaren 'moteltasunik' izan ez zela esan du Segurtasun Sailak
"Arrisku handigoak saihestu" nahi zituztela defendatu du Beltran de Herediak. Manifestazioaren aurka "kargatu" izan balute, istiluek "denbora gehiago" iraungo zutela erantsi du sailburuak.
Erredakzioa
Ekonomia Foroa zela eta Bilbon, martxoaren 3an, izan ziren liskarretan Ertzaintzaren "moteltasunik" izan ez zela azpimarratu du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. "Agindu arrarorik" eman ez zutela gaineratu du.
"Arrisku handigoak saihestu" nahi zituztela defendatu du sailburuak. Manifestazioaren aurka "kargatu" izan balute, istiluek "denbora gehiago" iraungo zutela erantsi du sailburuak.
Segurtasun sailburuak eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko batzordean. Martxoaren 3ko operazioa azaldu dute bi arduradunek. Istilu ugari gertatu ziren Bizkaiko hiriburuan.
Beltran de Herediaren hitzetan, "egun horretako ekintza bandalikoengatik" 33 salaketa jaso ditu Ertzaintzak, "gehienak Kale Nagusian".
Era berean, manifestazioa "berehala eta indarrez desegin" izan balute "ondorio larriagoak" izango liratekeela defendatu du sailburuak. Gizarte eragileek eta sindikatuek protesta antolatu zuten.
"Baliabide eskasia, agindu arraroak, aurreikuspen falta, moteltasuna edo beldurrik ez zen izan, nahiz eta batzuek Ertzaintzaren eta Sailaren aurka arma gisa erabili nahi izan. Erasotzaileek taktika aldatu zuten, Forora hurbiltzerik ez zutela ulertu baitzuten", justifikatu du.
"Indarkeria bonba"
Bestalde, Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak azaldu duenez, "erasotzaileak" manifestazioan ezkutatu ziren eta "Ertzaintza esku hartzera bultzatu zuten".
"Alde batetik, istilurik gabe manifestaldian parte hartzen ari ziren pertsonak salbatu behar zituzten, eta bestetik, protesta lehertu nahi zuen talde txikia kontrolatu behar zuten, Bilboko kaleetan indarkeria bonba bat leherrarazi nahi baitzuten", gaineratu du.