Gizartea -

Madril

Aguirrek ihes egin du isuna jasotzeko unean, eta motor bat bota du

Aguirreri isuna jartzen saiatu den mugikortasun agenteak salaketa jartzea aztertuko du, mutuan arreta jaso ostean.

Esperanza Aguirre. EFE
Esperanza Aguirre
Esperanza Aguirrek agente bat harrapatu eta ihes egin du

0:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidenteak ika-mika izan zuen atzo mugikortasun agente batekin isuna jarri behar zionean, eta haren motorra lurrera bota zuen, polizia iturrien arabera.

Poliziak jakitera eman duenez, 16:00etan gertatu zen, Gran Vían. Dirudienez, Aguirrek behar ez zen lekuan utzi zuen ibilgailua, eta mugikortasun agenteak isuna jartzeko dokumentazioa eskatu zion.

Orduan, Madrilgo PPko presidenteak bere ibilgailua martxan jarri, agentearen motorra lurrera bota, eta Madrilgo errepideetan barrena jarraitu zuen Malasaña auzoko bere etxerantz.

Agenteak istiluaren berri irrati bidez eman zuen, eta udaltzain patruila batek Aguirreren autoari etxeraino jarraitu zion. Madrilgo PPko presidentea poliziekin hitz egin gabe sartu zen garajean.

Aguirreri isuna jartzen saiatu den mugikortasun agenteak salaketa jartzea aztertuko du, mutuan arreta jaso ostean.

Motorra "nahi gabe" jo zuela onartu du Aguirrek

Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidenteak mugikortasun agenteetako baten motorra "nahi gabe" jo zuela esan du.

El Mundo egunkariari egindako adierazpenetan, Esperanza Aguirrek esan du "autoarekin irtetean, gurutzatuta zegoen motorretako bati eman diot, nahi gabe. Nire autoak pixka bat ukitu du". Halaber, motoaren gainean ez zegoela inor nabarmendu du, eta, horren ostean, etxera joan zela. "Guardia Zibileko hainbat agente izan dira lekuko", gaineratu du.

"Gidabaimena eskatu didate, eta autoaren dokumentazioa. Orduan gero eta agente gehiago zetozela ikusi dut, eta hala esan diet agenteei: Zer? Isuna eta liskarra, ezta?", adierazi du Aguirrek. Agenteek autoa han geldi edukitzeko agindu diotela gaineratu du, "arrazoirik eman gabe".

ABCri esan dionez, "argazkia, besterik ez zuten nahi". Aguirrek azaldu du kutxa automatiko batetik dirua ateratzeko gelditu zuela ibilgailua. "Minutu bat bakarrik egon naiz. Ordu horretan ez zegoen zirkulaziorik. Pertsona bat bera ere ez", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea