Gizartea -

Abortuaren legea

Manifestazio jendetsua Iruñean, abortatzeko eskubidearen alde

Espainiako Gobernuaren Abortuaren lege erreforma salatu, eta emakumeek bere gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.

Abortuaren aldeko manifestazioa Iruñean. Argazkia: EiTB
Abortuaren aldeko manifestazioa Iruñean. Argazkia: EiTB
Milaka lagunek abortatzeko eskubidea aldarrikatu dute Iruñean

0:46

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jende andana elkartu da larunbat honetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, Iruñeko kaleetan abortatzeko eskubidearen alde egin den manifestazioan. Parte-hartzaileek Espainiako Gobernuaren Abortuaren lege erreforma salatu dute, eta emakumeek bere gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.

"Gure gorputza, gure erabakia" lelopean, 17:30ean abiatu da manifestazioa Golem zinema-aretoaren kanpoaldetik, eta Sarasate pasealekuan amaitu da, Iruñeko kaleak zeharkatu ondoren.

Udaltzaingoaren arabera, 3.000 lagunek parte hartu dute manifestazioan; antolatzaileen esanetan, berriz, 10.000 inguru batu dira Iruñeko kaleetan. Manifestazio koloretsua izan da, izan ere, zenbait manifestarik ileordeak jantzita eta kantuan egin dute ibilbidea.

Euskal Herriko mugimendu feministak egindako deialdiari milaka lagunek erantzun diote, eta guztiek ere abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria izan dute ahoan. Bidean, Elizaren kontrako eta emakumearen erabakitzeko eskubidearen aldeko oihuak egin dituzte.

Manifestazioaren amaieran agiri bat irakurri dute, gaztelaniaz eta euskaraz. Emakumeak bere gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu dute. Gallardonen lege erreforma atzerakoia dela salatu dute, eta PPren ideologia nazional-katolikoaren baitan egindako erreforma izan dela nabarmendu dute.

Abortua "zigortzen" duen lege proiektua kritikatu dute eta emakumeek abortatzeko eskubidea izan dezaten eskatu dute.

Bestalde, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek abortuaren "pribatizazioa" gaitzetsi dute, eta abortuak ospitale publikoetan egitea aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea