Gizartea -
Pagasarriko hilketa
Pagasarriko hilketaren akusatua berriz epaitzea eskatu dute
1996an Bilbon hil zuten Nestor Gandararen senitartekoek eskatutako apelazio-errekurtsoa onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 1996an Bilbon hil zuten Nestor Gandararen senitartekoek egindako apelazio-errekurtsoa onartu du eta Pagasarriko hilketaren akusatu nagusia berriz epaituko dute.
Gandararen familiak 2013ko abenduan jakitera emandako epaiari helegitea aurkeztu zion. Orduan, herri epaimahai batek errugabetu egin zuen susmagarri nagusia. Hasiera batean hiru susmagarri egon baziren ere azkenean horietako bakarrari leporatu zioten hilketa.
Auzitegi Nagusiak jakitera eman duen epaiak bertan behera uzten du 2013ko abenduan jakinarazitako erabakia eta Iñaki A. A. susmagarria berriz ere epaitzeko eskatu du.
Hilketa honetan parte hartzeagatik akusatu zituzten beste bi kideak, J.I.B.B. eta F.B.B. anaiak, ez dituzte epaituko.
Babestutako testiguen egiatasun faltak eta 'froga zuzenak ez egoteak' zentzuzko zalantzak sortu zituen herr epaimahaian. 'Froga elementuetan' hartutako erabakiak ez duela 'arrazoizko eta logikazko' erabaki bat islatzen argudiatu du Auzitegiak bere erabakia hartzeko.
Herri epaimahaiak Iñaki A.A. Néstor Gándara gaztearen hilketagatik errugabea zela erabaki zuen. Akusatua hilketaren tokian egon zela ezin frogatu izana arrazoitu zuten erabakia hartzerako orduan.
Epaiketan 20 urteko kartzela zigorrari aurre egin behar bazion ere akusatua aske gelditu zen.
Néstor Gandararen heriotza ikertu zuten poliziek 2013ko abenduan ospatu zen epaiketan 'beldurrak eraginda' hilketa honi buruz hitz egingo zuten testiguak aurkitzea oso zaila izan zela adierazi zuten. Susmagarriak 'oso arriskutsuak' zirela uste zuten testiguetako askok.
Ikerketa 2010a arte geldituta egon zen hilketaren susmagarriaren, Iñaki A.A., mehatxuez nekatutako neskalagun ohi batek salaketa jarri zuen arte.