Gizartea -
Aste Santua
Aste Santuan 450.000 ibilgailu espero dira euskal errepideetan
Pilaketa gehienak hemen espero dituzte: A-8 autobidean, Kantabriako mugan; AP-8an, Biriatuko ordainlekuan; eta AP-1ek A-1ekin bat egiten duen lotunean, Armiñongo korapiloan.
Erredakzioa
450.000 ibilgailu inguru espero dira euskal errepideetan Aste Santuan, apirilaren 16tik 21era. Gidariek aurten berritasun bat dute: mugikorrentzako aplikazio bat. Aplikazio honek euskal errepideetan gertatutako gorabeheren berri emango du informazioa.
Garbiñe Saez Molinuevo Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak Aste Santuan martxan jarriko duten trafiko operazioaren inguruko datuak eman ditu. Operazio honetan, Ertzaintzaren 200 trafiko agente arituko dira errepideetan lanean.
Pilaketa gehienak hiru puntutan espero dira: A-8an, Kantabriako mugan; AP-8an, Biriatuko ordainlekuan; eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Armiñongo korapiloan.
Aurreikuspenen arabera, Kantabriarako bidean, Ostegun Santuaren bezperan, apirilak 16, 15:00ak eta 21:00ak bitartean egongo dira errepideetan ibilgailu gehien. Ostegun Santuan, apirilak 17, aldiz, 09:00ak eta 14:30 bitartean espero dira joan-etorri gehien. Itzulera operazioari dagokionez, Pazko astelehenean azken urteotan ez da arazo handirik egon Bilboko sarrera-irteeretan, baina aurten, egotekotan, 13:00ak eta 21:00ak bitartean izango dira.
Biriatuko ordainlekuan (Frantziarako bidean) pilaketa gehienak Ostegun Santuan espero dira, 09:00ak eta 15:00ak bitartean. Iaz, AP-8 autobidean, auto-ilarak ez ziren Irungo ordaintokira iritsi.
Azkenik, Armiñongo korapiloan, baliteke unean unean pilaketak sortzea A-1 errepideak AP-1 autobidearekin bat egiten duen inguruan, hiru errei izatetik bakarra izatera pasatzen den tokian.