Gizartea -
Arartekoaren txostena
16.000 adingabek elikadura 'eskasa' jasotzen dute EAEn
Beste bi arazo nabarmen atzeman dituzte Arartekoaren txostenean: gurasoen banaketa gatazkatsuak pairatzen dituzten seme-alaben oinazea, eta gazteen lonjek auzoetan eragiten dituzten arazoak.
Erredakzioa
Haur eta Nerabeen Bulegoak eta Arartekoak gaur ohartarazi dutenez, gero eta gehiago dira Euskadin elikadura “eskasa” daukaten adingabeak. Euskal Autonomia Erkideogan 16.000 haur egoera horretan egon litezkeela gaineratu dute aipatu erakundeek.
Iñigo Lamarca Arartekoa eta Elena Ayarza Haur eta Nerabeen Bulegoko zuzendari nagusiak iazko balantzea aurkeztu dute eta, krisiarekin batera, beste bi arazo nabarmen atzeman dituzte: gurasoen banaketa gatazkatatsuak pairatzen dituzten seme-alaben oinazea eta gazteen lonjak auzoetan eragiten dituzten arazoak.
Ayarza prentsa aurrean aritu da txostena aurkezteko eta adierazi duenez, Euskadin ez da umeen desnutrizio kroniko arazorik. Halere, ume askok ez omen dituzte behar beste proteina eta beste hainbat beharrezko elikagai jaten. Ez omen da larritzeko modukoa, baina egoeraren aurrean adi egon behar garela aitortu du, eboluzioa negatiboa baita. EAEko 16.000 ume daude egoera horretan.
Aurkeztu duten txostenaren arabera, "sistemaren eraginkortasuna ez da osoa", familien %26 pobrezia egoeran dagoelako eta ez duelako laguntzarik jasotzeko aukerarik, ez duelako betebeharren bat betetzen. Gainera, %43 ezin da pobrezia egoera horretatik irten laguntzak ez direla behar bestekoak. Ayarzak gaineratu duenez, kasuen %30ean laguntzak eraginkorrak dira eta familiak egoera horretatik irtetzen dira.
Instituzioaren txostenaren arabear, Euskadiko babes sozialaren sistemak adingabeen pobrezia gutxitzen du %58an, Europar Batasunean %75,6koa den bitartean.
Bestalde, Lamarcak adierazi du gutxitu egin direla adingabeek egindako kexak, %1,8ra arte. Esan duenez, aurreko urteetan baino etorkin adingabe gutxiago heldu direlako gertatu da.
Hezkuntza sailari dagokionean, Lamarcak esan du alor horretako kexa gehienak umeen onartze prozesuetan datozela, eskola-garraioarekin edota jantokiarekin, izan ere, familia askok ezin dituzte kuotak ordaindu. Gainera, 0-3 urte bitarteko leku kopurua ere kexen artean izan da. Gainera, gazteen lonjen inguruko kezka azaldu dute, bizilagunen kexak jaso dituztelako, zarata eta kalteak direla medio.