Gizartea -
Europar Batasuna
Mediterraneoko taldeak migrazio-politikarako finantziazioa eskatu du
Migrazioaren presioari aurre egiteko finantza-programak eta tresnak eskatu dizkiete Italiak, Portugalek, Frantziak, Txiprek, Maltak, Greziak eta Espainiak Europar Batasuneko kideei.
Erredakzioa
EBk hegoaldeko bazkideekin izan beharreko "elkartasuna migrazio neurrigabeari" aurre egiteko orduan laguntza ekonomikoa ezinbestekoa dela uste dute Mediterraneoko Atzerri ministroek.
Migrazioaren presioari aurre egiteko finantza-programak eta tresnak eskatu dizkiete Italia, Portugal, Frantzia, Txipre, Malta, Grezia eta Espainiako Atzerri ministroek Europar Batasuneko kideei. Buruzagiak Alacanten bildu dira gaur.
Mediterraneoko Taldea osatzen duten zazpi estatuetako Atzerri ministroek proposamenak agiri batean bildu dituzte.
Maiatzean Atzerri Kontseilua egin behar du Europar Batasunak, eta Mediterraneoko taldeak bilera hori prestatu du gaur.
Zazpi ministroek adostutako agiriaren arabera, migrazioaren presioak behera egin beharrean gora egin du nabarmen, eta "epe luzera eta laburrera neurriak hartu behar dituzte EBn eta gainerako herrialdeetan; horretarako Europar Batsunak eta nazioarteak baliabideak bideratu behar dituzte".
Mugen kontrola areagotu
Mediterraneoko Taldearen hitzetan, EBko kanpo mugen kontrola mantendu eta sendotu behar dute, Frontexen bitartez.
"Estatuen esfortzuak, nahiz eta garrantzitsuak izan, ez dira nahikoak", adierazi du Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak. Europar Batasun osoaren lankidetza eta laguntza beharrezkoak direla errepikatu du Margallok prentsaurrekoan.
Kontseilu Europarrak ekainean gaia jorratu behar duela azpimarratu du Mediterraneoko Taldeak.