Gizartea -
Arazo gutxi
Aparteko arazorik gabe, irteera operazioaren hasieran
Aste Santuko operazio bereziaren irteera faseko lehen orduetan normaltasuna nagusi izan da EAEko errepideetan. Ez da istripu larririk gertatu.
Erredakzioa
Aste Santuko operazio bereziaren irteera faseko lehen orduetan normaltasuna nagusi izan da EAEko errepideetan. Ez da istripu larririk gertatu. Hala ere, auto-ilarak izan dira A-8 autobidean, Muskizen, Kantabriako noranzkoan, eta AP-1eko sarbidean, Armiñoneko loturan.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, auto-ilara garrantzitsuenak arratsaldean gertatu dira A-8an, Muskizen (Bizkaia). Zauriturik gabeko istripu batek 6 kilometroko auto-ilarak sortu ditu Kantabriako noranzkoan, 18:30etik 19:15etara.
Arratsaldeko lehen orduetan kilometro eta erdiko auto-ilarak izan dira A-1ean, Armiñonen, Burgoseko noranzkoan.
Bi ezbehar
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hiru pertsona zauritu dira bi istriputan, azken orduetan.
14:55 aldera kamioi bat errepidetik atera da N-1ean, Tolosan, Madrilgo noranzkoan. 60 urteko gidaria zauritu da, eta Arantzazuko ospitalera eraman behar izan dute.
Bigarren istripua N-634 errepidean gertatu da Mallabian. Motorzale batek auto baten aurka talka egin du Areitioko mendatean. 36 urteko motor-gidaria Mendaroko ospitalera eraman dute eta auto-gidaria (42 urte) arin zauritu da.