Gizartea -
Nafarroa
Sute bat itzali dute Ezkurran, hamar orduz lanean egon ostean
Garrek 49 hektarea lur kiskali dituzte. Erre den eremuan aldapa handia zegoela eta, ezin izan dituzte ibilgailuak erabili, eta suhiltzaileek oinez amatatu behar izan dute sua.
Erredakzioa
Ezkurran 49 hektarea lur erre dituen sutea itzali dute Oronoz eta Cordovillako suhiltzaileek, bi helikopteroren laguntzarekin. Hamar orduz aritu dira sua itzaltzeko lanetan.
Gaur suhiltzaileak kalteak zenbatzen aritu dira. Orotara 49 hektarea lur erre dira, eta gehien bat haritzak, pagoak eta larreak kiskali dira.
Nafarroako Larrialdi Agentziak bi sute zeudela ohartarazteko abisua jaso zuen ostiralean, 11:45ean. Suteetako batek hiru foku zituen, eta besteak foku bat, denak kilometro bateko erradio barruan. Ondorioz, Oronoz eta Cordovillako suhiltzaile-taldeak autobonbak hartuta bertaratu ziren, eta Nafarroako Gobernuak bi helikoptero bidali zituen.
Baina sutan zegoen lur-saila oso aldapatsua zela eta, ezin izan zituzten ibilgailuak erabili; eta hortaz, suhiltzaileek oinez aurre egin behar izan zioten suari, Foru Gobernuak komunikatu batean zabaldu duenez.
Sua 17:30ean jo zuten kontrolpean, baina garrak guztiz itzali dituztenerako 21:45ak pasatuta ziren.
Beste sute txiki batzuk ere izan ziren atzo Foru Erkidegoan. Aipagarriena Valdeibañezen gertatutakoa izan da, Viana eta Aras artean. 1,3 hektarea sastraka erre ziren mendi magal batean.