Gizartea -

Asteburuko agenda

Estopa, Gatibu, Carreras eta San Prudentzio, astebururako hitzorduak

Ekitaldi ugari izango dira asteburuan Euskal Herrian zehar, tartean Estopa, Gatibu eta Leivaren kontzertuak, Jose Carrerasen emanaldia Arriaga Antzokian edota Errenteriako Sagardo Eguna.

Estopa Kursaalen, 'Vuelvo a las andadas' jotzen

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilari agur esateko asteburuan, ekitaldi ugari izango dira Euskal Herrian zehar, tartean Estopa, Gatibu eta Leivaren kontzertuak, Jose Carrerasen emanaldia Arriaga Antzokian edota Errenteriako Sagardo Eguna. Araban, San Prudentzio eguna ospatuko dute astelehenean, eta horrek jaio giroa asteburura eramango du. Hona hemen astebururako hitzordu batzuk:

Bizkaia

Donostian izan ondoren, bilbotarren txanda iritsi da: Muñoz anaiek Estoparen azken lana aurkeztuko dute Bilboko Euskalduna Jauregian, larunbatean. Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokian, Gatibu eta Els Catarres elkarrekin, Sant Jordi ospatzeko kontzertu berezian. Hurrengo egunean, oholtza berdinean, Mursego eta Moby Dick izango dira. MCDk ere hitzordua dauka asteburuan, Bilboko Santana aretoan, ostiral gauean. Larunbatean, La Sonrisa de Juliaren azken emanaldia, Crazy Horse tabernan, eta Willis Drummonden kontzertua Bermeoko Kafe Antzokian (22:00).

Jose Carreras tenorea asteburuko protagonistetako bat izango da. Antzeztokira igoko da berriro, eta Bilboko Arriaga Antzokia aukeratu du horretarako (bihartik aurrera).

Barakaldo Antzokian, ‘Ertza’ konpainiak ‘Nan’ dantza ikuskizuna eskainiko du (ostiralean, 20:30ean) eta Leioako Kultur aretoan, Doos kolektiboaren dantza ikuskizuna izango da ikusgai (20:30).

Eguneko planen artean, Bilboko Zezen Plazara Galiziako marisko onena eramango dute bihartik aurrera, ‘MariscaGalicia’ azokaren eskutik. Barakaldoko Kultur Etxeak manga eta anime jardunaldien XV. Edizioa hartuko du asteburuan eta Gorlizen lore azoka ikusgarria izango da igande goizean. Egun berean, Deustuko Erriberak ‘Open your Ganbara’ azoka txikia hartuko du.

Gipuzkoa

Gipuzkoan, hitzordu garrantzitsua sagardoaren munduarekin: Errenterian, Sagardo Egunaren XXVI. Edizioa egingo dute larunbatean, goizetik gauera.

Zarautzen, ‘Gaztemaniak!’ jaialdiaren hasiera kontzertua izango da larunbatean, Joana Serrat kataluniarren emanaldiarekin. Intxaurrondoko Kultur Etxean kontzertu bikoitza: Arizona Baby eta Joseba B Lenoir (larunbata, 22:00etan). Azkenik, Donostiako Be Bop tabernan, Angelica Leyva abeslari madrildarra izango da bihar.

Dantzak ere egun garrantzitsua biziko du igandean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian: bertan egingo dute Dantzaren Nazioarteko Egunaren XVIII. Gala berezia. Bestalde, ‘Aukeran’ taldeak ‘Gernika. Mihise gaineko dantza’ ikuskizuna eramango du Hondarribiko Itxas Etxera.

Antzerkiari dagokionez, Victoria Eugeniara goaz berriro: Gaur, 20:00etan, ‘La sombra del tenorio’ antzezlana izango da ikusgai.

Araba

Araban, San Prudentzio jaiak beteko du agenda. Astelehenean ospatuko dute San Prudentzio Eguna, baina asteburu osoan jai giroa izango da nagusi Araba osoan: Aiarako jaiak dira eta Gasteizen, Dulantzin eta Eltziegon hainbat tamborrada eta ekitaldi egingo dituzte.

Giroa berotzeko, Leiva Pereza taldeko kideak bere bakarkako lana aurkerztuko du gaur gauean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea