Gizartea -
Aurkezpena
'.eus' domeinuak 90 aitzindarietako bat izateko epea ireki du
Aitzindarien fasearen helburua domeinu horren sustapena da eta hautatutako eskakizunen berri ekainean emango dute.
Erredakzioa
'.eus' domeinuak 90 aitzindarietako bat izateko epea ireki du larunbat honetan. Hautatutakoak euskarazko domeinua izango dute Interneteko lehen helbideak izango dira.
Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan eskaini duten prentsaurreko batean, Juan Maria Torrealdai eta Iratxe Esnaola '.eus' domeinuaren arduradunek azaldu dute aitzindarien fasearen helburua domeinu horren sustapena dela eta hautatutako eskakizunen berri ekainean emango dutela.
Domeinuaren parte izateko atxikimendua, hortaz, hiru fasetan zabalduko da. Lehenengo fasea larunbat honetan abiatu da, eta promoziorako fase bat izango da. 90 aitzindarik hartuko dute parte bertan, eta "fase esklusiboa" izango da, Iratxe Esnaola '.eus' fundazioko kidearen arabera.
Aitzindari horien artean norbanakoak, euskara eta euskal kulturaren sustapena aktibitate nagusi duten entitateak, erakunde publikoak eta hauengandik eratorritako erakundeak eta enpresak eta hedabideak egongo dira bertan. Fase honetan ekarpen ekonomiko berezia egin beharko dute erakunde horiek, eta maiatzaren 30era arte jasoko ditu fundazioak.
Lehen fase hori abiatu ondoren abiatuko litzateke bigarren fasea; "abiaratze aldia" bezala deitu diotena. Bertan '.eus' komunitateari ertsiki lotutako elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu izenei bideratuko zaie.
Azkenik, hirugarren fasea abenduaren 3an abiatuko da, euskararen egunean, eta domeinua publiko orokorrari irekiko zaio.