Gizartea -
Paros
Kaosa Londresen Metroko langileen 48 orduko lanuzteagatik
Londresko Metroko langileek leihatilak ixteko asmoagatik egiten ari dira protesta, eta ia mila lanpostu kenduko dituztelako.
Britainia Handiko hiriburuan kaosa da nagusi, Metroko langileak 48 orduko lanuztea egiten ari direlako. Leihatilak ixteko asmoagatik egiten ari dira protesta, eta baita ia mila lanpostu kenduko dituztelako ere.
Atzo 20:00etan hasi zuten geldialdia bihar ordu berean amaituko dute, eta hiru milioi laguni eragingo die, erabiltzaile kopuru hori baitu egunero garraiobide horrek.
Zerbitzu minimoak ezarri dituzte hainbat lineatan, baina erdikoa, adibidez, itxita egongo da.
Autobus konpainiek ibilgailu gehiago jarri dituzte kaleetan, eta trafiko pilaketa handiak espero dira. Hainbat langile taxiz edo autoz joan dira lanera.
Mike Brown LU (London Underground) konpainiako zuzendariak azaldu duenez, kaleratzeak ez dira derrigorrezkoak izango, eta Metroan lanean jarraitu nahi dutenek hala egin ahal izango dute.
Lanuzte honetaz gain, RMTk 48 orduko bigarren lanuzte bat egingo du datorren asteko egun beretan.
LUk jakinarazi duenez, txartelen % 3 soilik saltzen da leihatiletan, erabiltzaile gehienek "Oyster" txartela erabiltzen dutelako.