Gizartea -
Beziers
Adingabeei etxeratzeko agindua ezarri die Frantziako alkate batek
Robert Menard Beziers herriko alkateak etxeratzeko agindua ezarri du ekainaren 15etik irailaren 15era arte. Neurria hartzeko Fronte Nazionalaren babesa izan du alkateak.
Erredakzioa
Robert Menard Beziers herriko alkateak etxeratzeko agindua ezarri die 13 urtez beherako adingabeei, ekainaren 15etik irailaren 15era arte. Neurria hartzeko Fronte Nazionalaren babesa jaso du alkateak.
"Gaztetxoak gauean bakarrik ibiltzen dira, nireak izan daitezkeen seme-alabak. Ez dut normal ikusten. Taldean ibiltzen dira eta bizilagunak molestatzen dituzte. Jendearen atsedenaldia eta loaldia errespetatu behar dute", azaldu du alkateak BFM TV telebistan.
"Gauean bakarrik egotean 13 urtez beherako adingabeek aurki ditzaketen arriskuak saihesteko" neurriak hartzea erabaki duela esan du alkateak.
23:00etatik 06:00etara arte adingabeak ezin izango dira "zenbait zonatan" bildu, aldamenean adinekoren bat ez badute. Bakarrik harrapatuz gero, arduradunek adingabeak beraien etxeetara edo polizia-etxera eramango dituzte, gurasoei bertan itxaroteko. Isunak ezartzeko aukera aurreikusten du alkateak.
Dekretua ostiral, larunbat eta igande gauetan aplikatuko dute, Le Figaro egunkariak gaur azaldu duenez. Era berean, oporraldian aplikatuko dute herriko erdialdean eta Deveze auzoan.