Gizartea -

Kale-erasoak

14 banketxe-bulegoren kontrako erasoak izan dira Bizkaian

Durangon, molotov koktelak jaurti dituzte zazpi sukurtsalen aurka; Erandion, lau sukurtsalen kontrako erasoak izan dira; eta Leioan beste biri egin diote eraso.

Durangoko Caja Laboralari erasoa. Argazkia: EFE
Durangoko Caja Laboralari erasoa. Argazkia: EFE
Durangoko Caja Laboralari erasoa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Durangon, Erandion eta Leioan kale-erasoak izan dira gaur goizaldean, Ertzaintzak jakitera eman duenez.

Lehen erasoa Durangon izan da, 23:45ean. Ezezagun talde batek zazpi banku-sukurtsalen kontra molotov koktelak jaurti dituzte. Kutxabankek, BBVAk, Bankinterrek, Caixak eta Laboral Kutxak Durango erdigunean dituzten bulegoen aurkako erasoa izan da.

Kutxazain automatiko batzuk erre egin dituzte, bulegoko ateak belztuta geratu dira eta kristalak hautsita.

Erandioko erasoa goizaldeko 02:00etan izan da. BBVAk, Santanderrek eta Kutxabankek dituzten bulegoetan kutxazainak eta kristalak hautsi dituzte mazo bat erabilita.

Goizaldeko 02:30etan, berriz, Leioan beste eraso bat izan da. Bi sukurtsali egin diote eraso eta Maiatzaren Lehenari buruzko pintadak egin dituzte.

Erreakzioak

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak bart hainbat banketxe-bulegoren aurka izandako erasoak gaitzetsi ditu. "Kale-higigarriak suntsitzea ez da arazoak konpontzeko bidea, ezta maiatzaren 1aren harira aldarrikapenak egiteko", esan du.

Halaber, Beltran de Herediak azaldu duenez, eraso guztiak banan-banan argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak, eta momentuz ez dute atxiloketarik egin.

Sailburuak azaldu duenez, "kalteak handiak dira, baina larriena ez dira kalteak berez, egungo egoeragatik protesta adierazteko modua baizik".

PSE

Bestalde, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak gaur adierazi duenez, lan munduak eta langileek ez dute "kale borrokaren nostalgikorik behar".

"Ezer ez aldarrikatzeko indarkeria erabiltzen dutenek Maiatzaren Lehenaren esanahia zikintzen dute", gaitzetsi du Lopezek, " lan munduak eta langileek ez dute "kale borrokaren nostalgikorik behar, guztiz kontrakoa baizik, horiek desagertzea behar dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea