Gizartea -
Ehunka arabar Estibalizko Amaren eguna ospatu dute
Arabarrek, Estibalizko Amaren eguna ospatzeko, margolaritza eta tortilla lehiaketak, herri-kirolak, aurresku eta dantza txapelketak antolatu dituzte.
Ehunka arabarrek Estibalizko Amabirjinaren eguna ospatu dute. Fededunak mezan zeuden bitartean, beste askok santutegia inguratzen duten zelaiak bete dituzte. Bertan tokiko produktu gastronomikoak erosteko aukera egon da.
Goizeko bederatzietan hasi da margolaritza lehiaketa, eta bertan artistek euren sormena landu dute. Eguraldia dela eta, lehiaketa gune estali batean egin da.
Horrez gainera, patata tortilla lehiaketa ere antolatu dute. Hori bukatutakoan, Boilur Elkarte Gastronomikoak bertaratutakoen artean ehunka pintxo banatu ditu.
Herri-kirolak eta aurresku eta dantza txapelketak Estibalizko egunaren erakargarriak izan dira.
Iñigo Urkullu lehendakaria oinez ailegatu da zaindariaren santutegira. Berarekin batera, Estefania Beltran de Herdia Segurtasun sailburua eta Ana Oregi Ingurumen sailburua etorri dira.
Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak, eta Laura Garrido eta Carmelo Barrio Euskadiko PPren kargudunek ere erromeria oinez egiteko tradizioa bete dute.