Gizartea -
Trafiko istripua
Pertsona bat hil da Villabonan, zirkulazio istripu batean
Bost ibilgailuk elkar jo dute N-1 errepidean Gasteizerako noranzkoan. Halaber, beste bi pertsona larri zauritu dira.
Erredakzioa
63 urteko gizonezko bat hil da larunbat honetan Villabonan gertatu den zirkulazio istripuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Istripu berean beste sei pertsona zauritu dira, horietako bi larri.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 10:30ean gertatu da ezbeharra Villabonatik N-1 errepidera sartzeko bidean, Gasteizerako norazkoan. Istripuan bost ibilgailuk elkar jo dute.
Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuetako medikuak istripuaren tokira bertaratu dira. Larri zauritutakoak Donostia ospitalera eraman dituzte eta arin zaurituetako hiru, berriz, Tolosako Asuncion ospitalera. Arin zauritu den laugarren pertsona, berriz, istripuaren tokian bertan artatu dute.
Istripuaren eraginez, Villabonako sarbidea eta N-1eko eskuineko erraia itxita egon dira Gasteizerako noranzkoan eta auto-ilarak sortu dira.
Bestalde, Ertzaintza istripuaren zergatiak ikertzen ari da.