Gizartea -

Bartzelonan

Esklabo zuten emakume bat askatu du Poliziak

Iruzurgile batek, maitemindu itxurak eginez, Italiara joateko konbentzitu, eta han dokumentazioa kendu, eta gatibu lanak egiteko erabili zuen emakumea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzerrira engainatuta eraman eta han abusu latzen biktima izan zen emakume bat askatu du Poliziak Bartzelonan, eta gatibu zeukaten hiru lagun atxilotu dituzte. Antza denez, esklabo modura lan eragin zioten, eta sexu abusuak ere egin zizkioten emakumeari, Poliziak jakitera eman duenez. Poliziak ohar baten azaldutakoaren arabera, emakumeak gizon bat ezagutu zuen Bartzelonan, eta berarekin maitemindu zela sinetsarazita, elkarrekin Italiara joateko konbentzitu zuen gizonak. Italian, Cataniara iristean, agerian gelditu zen engainua. Gizonak dokumentazioa kendu zion emakumeari, eta bere gurasoekin batera gatibu hartu zuen. Bi hilabetez, txatarra hartzera behartu zuten, egunean hamabi orduz, eta diru ordainik eman gabe. Ondoren, Errumaniara eraman zuten, eta  han ere, beste bi hilabetez, errukigabe lan egitera behartu zuten. Horrez gainera, era guztietako abusuak egin omen zituzten berarekin. Familiaren huts egite bati esker, emakumeak bere senide bati hots egin ahal izan zion, eta Espainiara eraman behar zutela ohartarazi zion. Senide horrek agintariei abisua eman, eta Bartzelonara iritsi zirenean, Polizia zain zeukaten. Emakumea askatu, eta bahitzailea eta bere gurasoak atxilotu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea