Gizartea -
Wachowski neba-arrebak
'Matrix' pelikulako zuzendariek Bilbon filmatuko dute
Andy eta Lana Wachowski neba-arrebek Jupiter Ascending filmaren zenbait sekuentzia filmatuko dituzte Bizkaiko hiriburuan. Pelikula berriaren estreinaldia udan izango da.
Erredakzioa
Andy eta Lana Wachowski neba-arrebek, Matrix trilogiako zuzendariek, Jupiter Ascending pelikula berriaren zenbait sekuentzia filmatuko dituzte Bilbon. Bizkaiko hiriburuko Udalak iragarri duenez, ostegunetik larunbatera arte trafikoan aldaketak izango dira filmaketa ez oztopatzeko. Guggenheim Museoaren inguruan zirkulazioa aldatuko da.
Pelikula berriaren estreinaldia udan izango da. Horrela, ostegun honetan, 10:00etatik 16:00etara bitartean, gutxi gora-behera, oinezkoen joan-etorriak etengo dira Zubizuri oinezko zaldainean, eta ondorioz, zubi honen erabiltzaileek Udaletxeko zubia edota Arrupe zubia erabili beharko dituzte alternatiba gisa.
Era berean, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, aldizkako etenak egongo dira Arrupe Zubiko oinezkoen joan-etorrietan. Etenak gehienez bost minutukoak izango dira, eta ondorioz, ez da ordezko biderik ezarri beharrik izango.
Azkenik, ostiralean, hilak 9, 12:00etatik 16:00etara bitartean, gutxi gora-behera, aldizkako etenak egongo dira Maurice Ravel Etorbidetik Salbe zubiranzko ibilgailu-zirkulazioan, eta trafikoa etenda geratuko da Txorierritik Guggenheim Museorantz doan Artxandako Tunelen adarrean. Ondorioz, bide hau erabiltzen duten ibilgailuak Deustuko zubirantz desbideratuko dira.
Salbeko zubiko beheranzko zirkulazioaren eten hauek larunbat goizean ere errepika daitezke filmaketa ostiralean amaitzen ez baldin bada.