Gizartea -

Gasteiz

Sute batek sei pabilioi kiskali ditu Jundizen

Suak Escor enpresari soilik eragin dio. Zorionez, sua piztu denean ez zegoen inor pabiloi horietan.

Sutea Jundizen. Argazkia: SOS Deiak
Sutea Jundizen.
Sute ikusgarria Jundizen

3:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sutea piztu da gaur goizean Jundizko industrialdean, Gasteizen, eta papera birziklatzen duen enpresa baten sei pabiloi kiskali dira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

3.000 metro koadroko azalera hartzen duten pabilioi horien azpian, gainera, 40.000 litro gasolioko biltegia dago, eta suhiltzaileek, ezer baino lehen, aparra bota dute gainera suak erregaia uki ez zezan.

Segurtasun Sailak eta suhiltzaileek azpimarratu dutenez, gero arrisku nagusia ondoko pabiloi batean zegoen, pneumatikoak gordetzen dituen pabiloi batean, eta sua bertara ez iristeko lanean aritu dira buru-belarri.

Sua 05:20 aldera piztu da, eta gertuko enpresa bateko segurtasun arduradunak eman du abisua. Suhiltzaileak bertaratu dira, eta dagoeneko lortu dute sua beste enpresa batzuetara ez zabaltzea eta kontrolpean dute; hala ere, ez dute erabat itzali, eta egun batzuk beharko dituzte horretarako. Lekukoek jakinarazi dutenez, hainbat leherketa entzun dira. Gasteizko suhiltzaile guztiak deitu dituzte sute horren ondorioz.

Segurtasun Sailaren esanetan, sute "handia" izan da, baina sua piztu denean ez zegoen inor Escor enpresan lanean.

Birziklapen fabrika honetako 15 langileak enpresak Gasteizen dituen beste lantoki batzuetara eraman dituzte.

Sutea sute, Jundizeko poligonoko jarduera ez da eten, langileak bertaratzen hasi direnerako sua ia kontrolpean baitzuten suhiltzaileek.

Oraingoz ez dakite sutea zerk eragin duen, suhiltzaileek oraindik ez dute eta erabat itzali. Amaitzen dutenean, Ertzaintza sartu egingo da eta ikerketa abiatuko du.

"Erabili ezinik"

Horren harira, Daniel Estevez enpresaren gerenteak esan du oraingoz ez dutela "inolako susmorik" sua zerk eragin duen pentsatzeko.

Makinaria guztia "erabili ezinik" geratu dela eta eraikinak barrutik oso osorik suntsitu direla jakinarazi du gerenteak, murruak besterik ez direla geratu. Hala ere, Estevezek txalotu egin du suhiltzaileen lana, azkar bertaratu direlako.

Langileei dagokienez, enpresak dituen beste pabiloietara mugituko omen dituzte, duela 30 urte hasitako ibilbidea jarraitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea