Gizartea -
Lan-ezbeharra
Langile bat larri zauritu da gainera adar bat erorita, Alkotzen
Moztu berri zuten zuhaitz batek ondoko beste baten adar sendoa bota zuen, eta langileari eman zion buruan.
Erredakzioa
31 urteko langile bat larri zauritu zen atzo arratsaldean Alkotzen (Nafarroa), zuhaitzak mozteko lanean ari zela adar sendo batek buruan jota.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, istripua atzoko 17:40 aldera gertatu zen. Moztu berri zuten zuhaitz batek ondoko beste baten adar sendoa bota zuen, eta langileari eman zion buruan.
SOS Nafarroak larrialdi zerbitzuak jarri zituen martxan, baina anbulantzia medikalizatuak ezin zuen istripua gertatu zen lekura iritsi, mendiko baso itxia zelako. Azkenean, Foruzaingoak mendiko ibilgailu batean eraman zituen medikuak ezbeharra gertatu zen lekuraino.
Zauritua artatu eta egonkortzea lortu zutenean, helikopteroz eraman zuten Nafarroako Ospitalera.