Gizartea -
Izen ohikoenak
Ane eta Markel dira euskaldunek gogokoen dituzten izenak
Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur kaleratu ditu jaiotzen estatistiken inguruko datuak, ponte-izenei dagokienez.
Erredakzioa
Ane eta Markel dira Euskadin 2010 eta 2012 bitartean jaio ziren umeei jarritako ponte-izen ohikoenak. Gurasoen artean, berriz, Ainhoa eta Aitor ziren izen ohikoenak.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur kaleratu ditu aipatutako epe horretan izandako jaiotzen estatistiken datuak, ponte-izenei dagokienez.
1996. urteaz geroztik, nesken izena aukeratzean gurasoen lehentasun-ordenan lehen postua duen ponte-izena Ane da. Bigarren eta hirugarren postuetan June eta Irati daude, eta horien atzetik, Nahia, Uxue eta Izaro.
Gurasoek mutilentzat nahiago duten izena Markel da, eta horren atzetik Jon, Iker, Oier, Ander eta Unai daude.
Erregistro Zibilak bi izen soil edo izen konposatu bat onartzen ditu gehienez ere; hala ere, gurasoek izen soil bat jartzea nahiago dute. Ehun izen ohikoenen zerrendan ez dago izen konposaturik, garai batean oso ohikoak izan baziren ere.
Izen beraren grafia ezberdinak
Izen euskaldunak nagusitzen dira, eta batzuk idazkera ezberdinekin erregistratzen dira, eta hori da honako hauen kasua: Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion, Aritz-Haritz.
Maria eta Miren izenen kasuan izan ezik, izenen euskarazko formek gaztelaniazko formak gainditzen dituzte, eta horren adibide ditugu honako hauek: Ane eta Ana, Xabier eta Javier, Jon eta Juan, eta Mikel eta Miguel.
Naia eta Nahia izenek aipamen berezia merezi dute, baliteke eta izen ezberdinak izatea. Baliteke Naia Nahia izenaren aldaera bat izatea, baina azken hori da Euskaltzaindiak gaur egun onartzen duena, eta seguruenik hori da EAEko jaioberrien izenen zerrendan zortzigarren postuan egoteko azalpen onargarriena.
Bestalde, Naia beste hizkuntza batzuetan ere bada, frantsesez, katalanez eta ingelesez esaterako, eta Espainian toponimo batzuetan ere badago. Azkenik, Nahia, “h” eta guzti, izen euskalduna da, zalantzarik gabe, eta neskentzat gehien aukeratzen diren izenen zerrendan laugarren postuan dago.
Horiek biak gehituz gero, lehen postuan egongo lirateke, 1.104 neskatori (neskato jaioberrien % 3,61) jarri baitzieten izen horietako bat.
Nazionalitatearen arabera
Amen nazionalitatea kontuan hartuz gero, atzerriko nazionalitatea dutenek ere izen euskaldunak aukeratu zituzten nagusiki, baina sailkapen orokorrarekin alderatuta, badago alderik.
Nesken kasuan, gehien aukeratutako bost izenen artean hiru izen euskaldun daude: Naiara, Ainhoa eta Nahia. Zerrendako lehenengoa, baina, Sara da, jatorri hebrearra duen izena.
Mutilen artean, Iker eta Ander izen euskaldunak lehenengo eta laugarren pstuetan daude, hurrenez hurren; ziren erabilienak; bigarren postuan Adam (izen hebrearra) dago, hirugarrenean Mohamed (jatorri arabiarrekoa) eta bosgarren postuan Rayan (jatorri bat baino gehiago izan ditzake).
Gurasoen izenak
Gurasoei dagokienez, 2010-2012 aldian ama izan ziren emakumeen artean izen ohikoenak hauek izan ziren: Ainhoa, Leire, Nerea, Amaia, Sonia, Maria, Marta, Ainara, Susana eta Monika.
Emakume horien artean, gehienak 1972 eta 1982 artean jaiotakoak ziren, hiru izen ohikoenak euskaldunak ziren, baina gaztelaniazkoek presentzia handia zuten oraindik.
Aita izan ziren gizonezkoei dagokienez, gehien errepikatzen ziren hamar izenak honako hauek izan ziren: Aitor, Javier, David, Iñigo, Asier, Óscar, Gorka, Iker, Francisco Javier eta Iñaki.
Kasu horretan, nagusiki 1970 eta 1980 artean jaiotako gizonak ziren, eta garai horretan izen konposatuek jada bidea ematen zieten izen soilei, eta izen euskaldunak nagusitzen hasi ziren.