Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Darpon: 'Antxoa jan daiteke, baina prestatu edota izoztu ondoren'

Sailburuak gogoratu du euskal portuetan sartu den azken antxoetan anisakis "kopuru handia" aurkitu dutela.

Darpon: 'Antxoa jan daiteke' (jatorrizkoa gazteleraz)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez duela anisakisaren inguruan “gehiegi” ohartarazi azpimarratu du Jon Darpon sailburuak, eta euskal portuetan sartu den antxoetan parasito horren "kopuru handia" atzeman dutela gogoratu du. Horrenbestez, antxoa prestatzea edota aurretik izoztea gomendatu du Darponek.

Arraina “dieta orekatu baten parte” dela eta, “neurriak hartuta”, kontsumitzen jarraitzera animatu du Darponek, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean.

Elikadura-katean sartzen diren elikagai freskoen gaineko ohiko ikuskaritzetan, anisakisa hauteman dute "maiztasun handiarekin" arrantzatutako antxoatan, Eusko Jaurlaritzak agiri batean jakitera eman zuzenez. Horren ondorioz, kontsumoak behera egin duela salatu dute saltzaileek.

Osasun zerbitzuek “funtzionatu egin dutela” azpimarratu du Darponek, eta arraina elikagai “osasuntsua eta gomendagarria” dela gogoratu du.

“Ez dago arazorik antxoa edota Kantauri itsasoko edozein arrain kontsumitzeko, baina, aurreko kanpainekin alderatuz, anisakis gehiago atzeman dugu aurtengo antxoetan, eta gordina ezezik, prestatuta jatea gomendatzen dugu”, esan du.

Jaurlaritzaren gomendioen arabera, labean, txingarretan edo plantxan prestatzea gomendatzen da, arraina irekita, barnealdea 60 graduko tenperaturara iristea segurtatzeko. Inola ere ez da gordinik edo marinatuta kontsumitu behar.

Kontsumo jaitsieraren inguruan, bere betebeharra herritarren osasuna zaintzea dela adierazi du Darponek. “Eta, kasu honetan, antxoa jan daitekeela esan behar dugu, oso arrain goxoa dela, baina ezin dela gordina jan”.

Azkenik, anisakisa duen arraina jateak osasun-arazoak eragin ditzakeela esan du sailburuak. “Batez ere, umeekin kontuz ibili behar gara”, amaitu du.

Alkohola eta gazteak

Bestalde, Darponek iragarri du ekainaren 1ean jarriko dutela martxan adingabeen alkohol kontsumoa murrizteko plan berezia.

Sailburuaren hitzetan, udal-ordenantza ezberdinek ez dute "botiloiarekin" amaitzea lortu, eta Jaurlaritzak abian jarriko duen programak arazoa saihestea izango du helburu. Horretarako, hezkuntza alorrean, udaletan, familietan, zerbitzu sozialetan edota Justiziarekin elkarlanean arituko dira.

Onartu duenez, gizarteak "arazo horren aurrean begiak itxi ditu askotan". "Gauza bat ardo bat dastatzea da eta beste bat alkohol gehiegi edatea, euforia sentsazioa lortzeko helburu bakarrarekin".

Amaitzeko, Anne Ganuza hiru urteko neskatoaren heriotzaz mintzatu da sailburua. "Daturik gabe", Trebiñuko umearen inguruan "iritzi gehiegi" eman direla adierazi du, tartean, "erantzukizun handia duten euskal erakunde batzuenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea