Gizartea -
Novia Salcedo sariak
Epe luzeko langabeak albo batera ez uzteko eskatu du Felipe printzeak
Sari-banaketa abiatu baino lehen, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek, kamiseta laranjak soinean.
Erredakzioa
Epe luzeko langabeak albo batera ez uzteko eskatu du Asturiasko printzeak astelehen honetan Bilbon, Novia Salcedo Fundazioaren urteroko sari-banaketan. Printzearen hitzetan, langabe horiek dira zailtasun gehien dituztenak, eta, horri aurre egiteko, sistema ekonomiko eta produktiboa "pertsonen zerbitzura" jartzeko eskatu du.
Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Gazteen Lan Integrazioaren alorreko Bikaintasunaren Novia Salcedo sariak banatu ditu, Arriaga Antzokian.
Asturiasko printzeak Iñaki Azkuna izan du gogoan bere lehen hitzetan. Langabeziaz aritu da ondoren, gizarte osoaren kezka nagusia hori dela esan du. Horren aurrean, formakuntza eta langileen enplegutasuna hobetzearen alde egin du. ''Dudarik gabe, hezkuntza sustatu behar da, eta, horren baitan, norbere enpleguaren aldeko ekintzak, sormena, berrikuntza eta konfiantza'', esan du.
Iñigo Urkullu lehendakaria ere enpleguaz aritu da ekitaldian, eta ''gazteen enplegua Jaurlaritzako konpromisoetako bat'' dela azpimarratu du.
Sarituak
Aurten, honako hauek saritu ditu Novia Salcedo Fundazioak: Benita Ferrero politikari austriarra, Leroy Merlin multinazionala, Lantegi Batuak elkartea, Sao Prat enpresa, Centro Nazaret gobernuz kanpoko erakundea eta Enrique Iglesias Garapenerako Banku Iberoamerikarreko presidente ohia.
Novia Salcedo sarien bitartez, gazteen lan-integrazioaren alde lan egiten duten gizabanakoak, enpresak eta erakundeak omentzen dituzte.
Protesta
Ekitaldia abiatu baino lehen, EH Bilduko bost legebiltzarkide, tartean Maribi Ugarteburu, Unai Urruzuno eta Diana Urrea, publiko artetik altxatu dira. Kamiseta laranjak zituzten soinean, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak irakur zitezkeen bertan, hainbat hizkuntzatan. Eskubide horren aldeko oihuak ere egin dituzte. Ekitaldia uzteko eskatu diete, eta bertan bildutako hainbatek ''kanpora, kanpora'' oihuak ere egin dizkiete. Azkenean, bost legebiltzarkideak antzokitik irten dira.