Gizartea -

Mapfre Fundazioaren Ikerketa

Hamabi urtetik beherako umeak etxean bakarrik geratzen dira

Mapfre Fundazioaren ikerketa egiteko, Estatu osoko 204 pediatrak parte hartu dute, eta 1.726 familiari galdetu diete.

Haurrak
Haurrak
Haurrak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12 urtetik beherako hamar umetik bat bakarrik geratzen da etxean batzuetan, eta horien % 11k 7 urte baino gutxiago dituzte; ondorioz, istripuak izateko arriskua areagotu egiten da.

Mapfre Fundazioak ikerketa egin du, Estatuko autonomia erkidego guztietako 204 pediatraren laguntzarekin, azken hamabi hilabeteotan istripu bat behintzat izan dituzten 1.726 umeren senideei galdeketa eginda.

Gaur prentsaurrekoan aurkeztu duten ikerketaren arabera, umeek batez beste bi istripu izaten dituzte urtean, eta argi geratu da etxean bakarrik geratzen diren umeek istripu bat izateko aukera gehiago dituztela.

Espainiako Lehen Mailako Arretako Pediatria Elkarteko Begoña Dominguez harrituta agertu da umeen % 10 etxean bakarrik geratzen direla jakinda, eta gai hori aztertu egin behar dutela gaineratu du. Halaber, gizarte zerbitzuetan salatzeko moduko ohitura dela nabarmendu du.

Etxe barruan zein kanpoan izaten diren istripu ohikoenak kolpeak, erorketak eta ebakiak edo ziztadak izaten dira. Etxe barruan, berriz, erredurak, intoxikazioak eta jatekoren bat kontrako eztarrira joanda gertatzen diren itotzeak izaten dira.

Azken istripu horiek eta uretan (batez ere igerileku pribatuetan) izaten diren itotzeak ez dira oso ohikoak izaten, baina oso larriak dira, eta ume txikien artean, 2-3 urteko umeen artean, gertatzen dira gehien, Dominguezen esanetan.

Halaber, 10 istriputik 6 etxetik kanpo gertatzen dira (eskoletan eta aisialdirako lekuetan bereziki) eta gainerakoak etxean, egongelan gehienak (% 32).

Horren harira, Antonio Guzman Mapfre Fundazioko Osasun eta Prebentzio Alorreko zuzendariak esan duenez, umeak hazi ahala, handitu egiten da etxetik kanpora istripuak izateko aukera.  Urtero Espainian 14 urtetik beherako umeen artean 400.000 istripu izaten dira, eta, batez beste, 150 ume hiltzen dira, Estatuko Estatistika Institutuaren azken datuen arabera. Horietako 60 zirkulazio istripuen ondorioz hiltzen dira; 40-45, itota, eta 15, erorketa baten ondorioz.

Horietako gehienak prebentzio neurriak hartuta saihestu ahal direla azaldu du ikerketa horren koordinatzaileak, Guadalupe del Castillo pediatrak.

“Umeak leihoetatik eta eskaileretatik jausten dira, erre egiten dira, entxufeetan atzamarrak sartzen dituzte, eta sendagai eta garbitzeko produktuekin intoxikatzen dira”, Dominguezen arabera.

Horregatik, entxufeak tapatzea, berogailuak babestea, produktu toxikoak umeen esku ez uztea, eta igerilekuak hesiz inguratzea dira umeen arteko istripuak saihesteko neurrietako batzuk. Horiek guztiak Espainiako Lehen Mailako Arretako Pediatria Elkarteak egin eta Estatu osoko osasun zentroetan banatuko duten dekalogoan jaso dituzte.Dominguezek azpimarratu du gurasoak ez direla erabat konturatzen prebentzioak istripuak saihestu ditzakeela. Izan ere, senideei istripua zerk eragin zuen galdetuz gero, halabeharrez edo kasualitatez gertatu zirela erantzun zuten gehienek (% 44), umearen arduragabekeriak edo ausarkeriak eragin zuela esan zuten galdetutakoen % 21ek, eta % 14k bakarrik onartu zuen zaintzailearen deskuidu edo arreta falta batek eragin zuela.

Gurasoen % 25ek uste dute beren seme-alabek izaera edo jokabide arriskutsuak dituztela, eta horien artean izaten dira istripu gehien.

Txostenaren arabera, familien % 18k ez dakite emergentzia egoera baten aurrean nora deitu behar duten, eta praktika on batzuk ere jasotzen ditu; jostailuak eta jolaslekuak umeen adinarentzat egokiak izatea, esaterako. Orain arte kaleratu diren gainerakoetan ez bezala, ikerketa honek ez ditu neska eta mutikoen artean bereizketarik aurkitu, ez istripu kopuruei ez istripu motei dagokienez.

Anai-arreben arteko bigarrenak izan ohi ditu istripu gehien (% 32,2), eta seme-alaba bakarrak direnak (% 27,4) eta sendagaiak hartu ohi dituztenak daude zerrenda horretan hurrengo tokietan.

Umeen % 72k osasun-laguntza behar izan zuten (gehienek osasun-zentro batean jaso zuten), eta umeen % 4 ospitalera eraman behar izan zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa