Gizartea -
Gertakaria Bilbon
Gizon bat atxilotu dute Lanbideko bulego batean gasolina isurtzeagatik
Antza denez, 45 urteko gizona diru-laguntzen inguruan emandako erantzun batekin konforme ez zegoen. Atxilotuak hiru litro gasolina isuri ditu bulegoan. Erregaia txanbil batean eraman du.
Erredakzioa
Lanbideko bulego bati su emateko zorian egon da gizon bat goizean. Gizonak gasolina isuri du, baina bulegoko zaindariak azpiratu du, eta ondoren Ertzaintzak atxilotu du.
Gertakaria 11:50ean jaso da. 45 urteko gizona Errekaldeko bulegora joan da. Antza denez, gizona diru-laguntzen inguruan emandako erantzun batekin konforme ez zegoen eta bulegoko langileei lokaletik ateratzeko eskatu die, su eman behar ziolako.
Txanbil batean zeramatzan hiru litro gasolina isuri ditu gizonak. Bulegotik ateratzen ari ziren langileei zipriztinak bota dizkie. Pizgailuarekin su ematen saiatzen ari zenean azpiratu dute bulegoko zaindariak eta langile batek.
Ondoren, zaindariak lurrean menderatu du eta Ertzaintzari telefonoz abisua eman dio. Ertzaintza berehala bertaratu da eta gizona atxilotu du.
Duela urte bat eta hiru hilabete bulegoko langile bat arma batekin mehatxatu zutela gogorarazi du LAB sindikatuak. Horregatik, Lanbideko langileen egoera "jasanezina" dela salatu du sindikatu abertzaleak.