Gizartea -
Bi urteko kartzela-zigorra
Enpresari bat kondenatu dute kontratu gabeko langilearen istripuagatik
Langileari ez zion Gizarte Segurantzan alta eman, eta istripu larria izan zuen, eskorga batean harrapatuta gelditu baitzen. Ondorioz, ezintasun iraunkor osoa eman diote.
Erredakzioa
Eraikuntza-arloko enpresari autonomo bati bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote bere langileetako batek izan zuen istripuagatik. Ez zion Gizarte Segurantzan alta eman, eta larri zauritu zen, eskorga batean harrapatuta gelditu baitzen.
Epaiaren arabera, langileak istripua izan ostean (105 egun eman zituen ospitalean eta, ondorio larriak dituenez, ezintasun iraunkor osoa eman diote), akusatuak zaurituarekin zuen lotura "ezkutatzen" saiatu zen, eta, "iruzur" eginez, Gizarte Segurantzako autonomoetan eta Ekonomi Jardueren gaineko Zergan alta ematen saiatu zen, biktimak jakin gabe.
Epaian jaso dutenez, enpresariak 2003ko ekainean kontratatu zuen langilea, "ahoz". Orduan 24 urte zituen, eta Errenteriako Masti Loidi pabiloian igeltsero-peoi gisa lan egiteko kontratatu zuen.
Langileak ez zuen eskorga erabiltzeko baimenik eta ez zuen gidatzeko baimenik. Gainera, ez zuen eskorga gidatzeak eragin ditzakeen arriskuen inguruko azalpenik hartu. Gazteak ez zuen inolako babes neurririk, eta inolako babesik ez zuen aldapa bat jaisten ari zela izan zuen istripua.