Gizartea -

Gertakari bitxia

Marrazo muturluze bat agertu da Lekeitioko ontzi baten sareetan

Marrazoa ontzi barrura igo dutenean hilda zegoen, eta berehala itsasora bota dute. Totaio ontziko patroiak aurkikuntzaren berri eman die Aztiko teknikariei.

'Totaio' ontziko sareetan hilik agertutako marrazoa. Argazkia: Unai Belaustegi
'Totaio' ontziko sareetan hilik agertutako marrazoa. Argazkia: Unai Belaustegi
Marrazo handi bat, Lekeitioko ontzi baten sareetan

Eriz Lotina | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marrazo muturluze bat hilik azaldu da Lekeitioko (Bizkaia) Totaio ontziko sareetan harrapatuta. Ontzia kostaldetik gertu (mila erdira) arrantzan ari zen, marrazoa sareetan agertu denean, 10:40 aldera.

Animalia "sareetan oso korapilatuta agertu da, buelta eman diogu eta makinarekin ontzi barruan sartu dugu, lau pertsonen artean ezin genuen eta", azaldu du Agustin Belaustegi ontziko patroiak.

Marrazoa ontzi barrura igo dutenean hilik zegoen. Patroia Aztiko teknikariekin harremanetan jarri da berehala. Animaliari azterketa biologiko bat egiteko aukera zegoela uste zuen patroiak.

Marrazoen salmenta debekatuta dagoela gogorarazi diote teknikariek patroiari. Horrela, arrantzaleek animalia itsasora bota dute berriro.

Abiadura eta indarra

Marrazo muturluzea animalia indartsua eta oso azkarra da. Espezieak 124 kilometro orduko abiadura gainditu dezake. Ondorioz, ozeanoko animaliarik azkarrena da.

Uretatik kanpo salto egiteko gaitasun handia dute 'marrajo'ek, marrazo zuriek bezalaxe. 6-8 metroko jauziak egin ditzakete uretatik at.

Marrazo muturluzea ur sakonetan bizi da, baina kostaldetik gertu ikustea oso arraroa da, Totaio ontziko patroiak eitb.com-i azaldu dionez. Sareetan agertutako marrazoak 120 kilo zituen.

Iaz beste marrazo bat azaldu zen ontzi bateko sareetan harrapatuta. Ordukoa marrazo erraldoi bat izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lekeitio argazkiak