Gizartea -
Sants auzoa
Istilurik gabeko lehen gaua Bartzelonan, Can Vies hustu zutenetik
Eraikuntza lanekin hastea da Bartzelonako Udalarekin negoziatzen hasteko jarritako baldintza. Eraisketa astelehenean hasi zuten, hustu eta gutxira, udalak gelditzeko agindua eman zuen arte.
Erredakzioa
Istilurik gabeko lehen gaua izan dute Bartzelonako Sants auzoan, Can Vies eraikina hustu zutenetik. Can Viesek 17 urte zeramatzan okupatuta eta autogestioan oinarritutako gizarte zentroa zen.
Sants auzoko plazan 300 pertsona baino gehiago bildu dira 21:00etan, lapiko-protesta baten bidez protesta egin eta ondoren asanblada batean parte hartzeko. Bertan azken lau egunetak izandako istiluetan atxilotutako 61 pertsonen egoeraren berri eman eta epailearen aginduz espetxeratutako pertsona aske uztea eskatu dute.
Lapiko-protestaren eta asanbladaren ondoren, jendea banatzen joan da eta handik gutxira zirkulazioa abian izan da berriro Santseko errepidean.
Autogestionatutako Gizarte Zentroko ordezkariek informazio orriak banatu dituzte lapiko-protestan parte hartu dutenen artean: "Udalak borondate ona duela egia bada, gauzak erraz dauzka, eurek indarkeriaz suntsitutakoa bakean eraikitzen utz diezagutela".
Gizarte zentroko kideentzat ezinbestekoa da Can Vies berriro eraikitzea udalarekin negoziatzen hasteko. Eraikina astelehenean eraisten hasi ziren, hustu eta gutxira, udalak gelditzeko agindua eman zuen arte.
Astelehenetik izandako istiluetan, 61 pertsona atxilotu dituzte. Hainbat kaputxadunek kalteak eragin dituzte banketxeetan, dendetan eta kaleko zerbitzuetan.