Gizartea -
Tolosako hilketa
Bikotekidea bere burua defendatzeko hil zuela esan du akusatuak
"Une hartan burua joan zitzaidan, zerbait barkaezina egin nuen, baina hiltzeko beldur nintzen", nabarmendu du auzipetuak.
Erredakzioa
Tolosan (Gipuzkoa) duela bi urte bikotekidea hiltzea leporatzen dioten gizonezkoak astearte honetan esan duenez, bere burua defendatzeko sastatu zuen biktima aizto batez, bere hitzetan, haserrealdi batean emakumeak eraso egin ziolako lehenengo, eta hark ez zuelako "besterik ikusi".
"Une hartan burua joan zitzaidan, zerbait barkaezina egin nuen, baina hiltzeko beldur nintzen", nabarmendu du auzipetuak, Gipuzkoako Auzitegian egiten ari diren epaiketaren bigarren saioan.
Bikotekidea hil zuenean 26 urte zituen inputatuak bi orduz erantzun die akusazioaren eta defentsaren galderei. Bertan, 2012ko martxoaren 23an izan ziren gertaeren ordenaren kontaketa nahasia egin du. Gertakizun horiek pasatu eta bi egunera atxilotu zuten gizonezkoa.
Inputatuak azaldu duenez, bikotekidea (39 urte zituen hil zenean) 2003an ezagutu zuen, Gizakia Helburu elkartean, eta "harreman zoragarria" hasi zuten elkarrekin, baina birgaitzeko programa amaitu zenean okertu egin zen eta gizonezkoa substantzia estupefazienteak kontsumitzen hasi zen berriro.
Akusatuak ("hainbat zigor aurrekari" ditu eta genero indarkeriagatik behin baino gehiagotan zigortu dute) biktimarekin zuen harremanari berriro ekin zion 2010ean, droga-trafikoagatik urtebeteko kartzela-zigorra bete ostean.