Gizartea -
Lan-istripua
Segurtasun neurriak ez betetzea egotzi diote ArcelorMittali
Zumarragako enpresako langileek 24 orduko lanuztea eta bi orduko kontzentrazioa egin dute lantokiaren atarian atzo hil zen 34 urteko langilearen heriotza salatzeko.
Erredakzioa
CCOO, ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Zumarragako ArcelorMittal enpresako logistika alorra "gatazkatsua" da, eta "enpresak ez du segurtasun neurri egokiak ezartzeko ahaleginik egiten". Atzo, 34 urteko langile bat hil zen aipaturiko enpresan, orga batek harrapatuta.
Enpresa batzordeak deituta, ArcelorMittaleko langileek 24 orduko lanuztea eta 2 orduko kontzentrazioa egin dute lantokiaren atarian atzo hil zen langilearen heriotza salatzeko.
Ohar batean, gertaturikoa ikertzeko eskatu du CCOO sindikatuak, eta ezbeharra jazo zen tokian prebentziozko neurriak eskatu zituztela azpimarratu du.
Azken bi hilabeteotan Arcelor Mittalen "beste hiru lan-istripu larri" izan direla nabarmendu ELAk, eta langileek erabiltzen dituzten makina "zaharrei" egotzi die ezbehar kopurua.
Sindikatuak salatu duenez, enpresak ez du segurtasun neurriak ezartzeko benetako ahaleginik egiten, eta lan-istripuen eragilea lan prekarietatea dela iradoki du. ELAren arabera, urtea hasiz geroztik 16 pertsona hil dira lan ezbeharretan Euskal Autonomia Erkidegoan.
Lan osasuna ez da "lehentasunezko gaia" enpresentzat eta erakundeentzat, ELAren arabera. Are gehiago, arazo horri aurre egiteko proposatzen diren neurriekin ez zaiela istripuen zergatiei heltzen salatu dute.
LABek bestalde segurtasun neurriak betetzen ez dituzten enpresekin tolerantzia zero izateko eskatu die erakundeei eta Osalani.