Gizartea -
Hogei urteren buruan
Gasteizeko Santa Maria katedralean elizkizunak dira berriro
Berrirekitzeko elizkizunean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizeko eta Bilboko gotzainak eta Iruñeko artzapezpikua egon dira.
Erredakzioa
Gasteizeko Santa Maria Katedrala igande honetan berrireki dute erlijio-jarduerarako, azken hogei urteetan bertan birgaikuntza-lan nabarmenak egin ostean. Berrirekitzearen elizkizunean Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizeko eta Bilboko gotzainak –Miguel Asurmendi eta Mario Iceta) eta Iruñeko artzapezpikua (Francisco Perez) egon dira.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, Carlos Urquijo Gobernuaren ordezkaria eta Jose Maria Setien eta Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua ere egon dira, besteak beste, ekitaldian.
Hogei urte lanetan
Azken hogei urteetan, katedralean ez dute elizkizunik egin, birgaikuntza-lanak egin dituzte eta. Eraikina, nahiz eta aurreko aztarnak ere egon, XIII. eta XIV. mendekoa da oro har. 1960tik 1964rako epean zaharberritu zuten, Elizbarrutiaren mendeurrenean. 26 urte igaro eta gero, bobedetan eta hormetan zeuden arraildurak kontuan izanda, itxi egin zuten 1994an. Eraikinaren arazoak aztertuta, proposamen bat prestatu eta berreskuratzeko plan bat onartu zuten. 1998an amaitu ziren plan hori erredaktatzen.
Nahiz eta elizkizunetarako berriro ireki duten, lanak ez dira amaitu, Santa Maria Katedralaren Fundazioak kudeatuko ditu. Estalkiak birgaitzen eta kriptak museo bilakatzen jarraituko dute. Gainera, bisitak egiten jarraituko dute eta tenpluak erabilera kultural desberdinak izango ditu.